AZTERLAN Zentro Teknologikoa estatuko lehen berrikuntza-eragileetako bat da aintzatespen hori lortzen, eta bere jarduera teknologikoa garatzera eta metalurgiaren eta material metalikoak eraldatzeko teknologien esparruan ezagutza transferitzera bideratutako berrikuntzaren kudeaketa babesten du.
AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroak berrikuntzako kudeaketa-sistemaren ziurtagiria lortu berri du, UNE-EN ISO 56001:2024 arauari jarraiki. Bureau Veritas erakunde ziurtatzaileak emandako ziurtagiri horrek AZTERLANek funtsezko arloetan I+G+b jarduera garatzeko dituen gaitasunak eta apustu berritzailea bermatzen ditu, hala nola fabrikazio aurreratuko teknologietan, soluzio adituen eta adimen artifizialeko soluzioen garapenean, produktuaren ingeniaritzan eta iraunkortasunari eta ingurumenari lotutako garapenetan.
Garikoitz Artolaren (Fundación AZTERLANeko zuzendari nagusia) hitzetan, “aitorpen horrek industria-ehunaren beharrei eta merkatuaren errealitate aldakorrari modu sistematikoan eta azkartasunez egokitzeko eta erantzuteko dugun gaitasuna erakusteaz gain, etengabeko hobekuntzaren bidean aurrera egiteko dugun prestutasuna ere islatzen du, gure jardueraren bidez balioa ematen jarraitzeko: ezagutza metalurgiko aurreratua sortzea eta transferitzea, eta enpresa-ehun sendo eta lehiakor bat eraikitzen jarraitzeko irtenbide berritzaile ukigarriak garatzea”.
ISO 56001 araua 2024ko azaroan sartu zen indarrean, eta ISO 56000 arau-familiakoa da, ISO beste kudeaketa-sistema batzuekin erkide den goi-mailako egituraren ildotik. Arauari dagokionez, kultura korporatiboaren, lidergoaren eta arriskuen eta aukeren kudeaketaren garrantzia nabarmendu behar da, prozesu berritzailearen eragile gisa.
Orain arte, I+G+b kudeatzeko UNE 166002:2021 Espainiako arauak arautzen zuen berrikuntzaren kudeaketa (arau horretan AZTERLAN 2019tik zegoen ziurtatuta), eta UNE-EN ISO 56001 arau berriak ordezten du. Arau horrek, berrikuntzaren ikuspegi estrategikoagoa izateaz gain, nazioarteko aplikazio-esparrua eskaintzen du, eta, horrekin batera, ikuspegi integratzaileagoa eta ziurtagiriaren aintzatespen handiagoa.
Egiaztapen horrek AZTERLANek industriaren beharrei erantzuteko duen gaitasun teknologikoa osatzen eta indartzen du. I+G+b arloan, AZTERLANek Frantziako Gobernuko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren aitorpena ere badu, enpresa pribatuekin I+G jarduerak egiteko erakunde akreditatu gisa.
Bestalde, AZTERLANeko Zerbitzu Teknologikoen arloa EGIAZTATZE ERAKUNDE NAZIONALAK (ENAC) emandako egiaztagiria du, UNE-EN ISO/IEC 17025 (CGA-ENAC-LEC) arauan jasotako irizpideen arabera, 59/LE069 akreditazioan bildutako material metalikoen saiakuntza mekanikoak, metalografikoak, kimikoak, ez-suntsitzaileak eta korrosiozkoak egiteko, eta baita NADCAP (National Aerospace and Defense Contractors Accreditation Program) akreditazioa ere, zeinak egiaztatzen baitu zentroak gaitasun teknikoa duela material metalikoen karakterizaziorako saiakuntza-laborategi gisa (MATERIALS TESTING LABORATORY).
