Beste urte batez, World Foundry Congress kongresuak mundu osoko profesionalak, ikertzaileak eta enpresak bildu ditu galdaketaren sektoreko erronka nagusien eta aurrerapen teknologikoen inguruan. Kongresuaren 76. edizioa Turkian egiten ari da, eta AZTERLANek ordezkaritza nabarmena du programa teknikoan.
AZTERLANen parte-hartzeak industria eraldatzen laguntzen ari diren hainbat lan-ildo islatzen ditu: adimen artifiziala ekoizpen-prozesuetan aplikatzea, fabrikazioaren digitalizazio aurreratua eta galdaketa-prozesuen zein horien produktuen kontrola, kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko tresnak garatzea.
Galdaketa adimendunen belaunaldi berri baterantz
Smart Foundries: Advancing Efficiency, Productivity, and Innovation, saioan, Susana Méndezek “WHEN METAL THINKS. From Isolated Models to Collaborative Intelligence”. ekarpena aurkeztuko du.
Etorkizunari begirako ikuspegitik, aurkezpenak aztertzen du nola egin dezaketen bat adimen artifizialak, eredu fisikoek, industria-ezagutzak eta giza esperientziak, fabrikazio-ingurune konplexuetan erabakiak hartzen laguntzeko gai diren sistema adimendunen belaunaldi berri bat osatzeko.
Monitorizazio aurreratua eta akatsik gabeko fabrikazioa V-HPDC prozesuetan
Die Casting: Technologies, Challenges, and Future Directions saioan Asier Bakedanok “Data-driven Multivariable Monitoring and Control of Critical Parameters in Vacuum High Pressure Die Casting towards Zero-Defect Structural Components”. ikerketa lana aurkeztuko du.
Lan honek huts bidezko presio handiko galdaketa-prozesuetarako (V-HPDC) monitorizazio-estrategia aurreratu bat proposatzen du. Prozesuko hainbat aldagai integratzean oinarritzen da, diagnostikorako eta kontrolerako gaitasunak hobetzeko eta aluminiozko egitura-osagaiak fabrikatzean prozesuak benetan duen portaera hobeto ulertzeko.
Analisi termikoa burdin nodularreko piezen porositatea aurreikusteko
Hizlari gonbidatu gisa, Ramón Suárezek Advancements in Cast Iron and Cast Steel Technologies sesioan parte hartuko du “Use of Thermal Analysis for Porosity Prediction in Spheroidal Graphite Iron” lanarekin.
Ikerketak aztertzen du zer harreman dagoen inokulazioaren, solidotze-prozesuaren bilakaeraren eta burdin nodularrean porositatea sortzearen artean. Analisi termikoan oinarritutako irizpide berriak proposatzen ditu, piezen kalitatea optimizatzeko eta fabrikazio-prozesu eraginkorragoetarantz aurrera egiteko.

AZTERLANen parte-hartzea World Foundry Congress kongresuko programa teknikoan.
Nazioarteko galdaketa-komunitatearentzat garrantzi berezia duen kongresua
World Foundry Congress kongresuaren 2026ko edizioa World Foundry Organization (WFO) erakundearen mendeurrenarekin batera ospatzen da. AZTERLANek lankidetza-harreman estua du erakunde horrekin, TABIRA Galdaketa Institutuarekin batera. Testuinguru horretan, AZTERLANek, Xabier González erakundeko zuzendari nagusiaren ordezkaritzapean, WFOren Batzorde Exekutiboaren bileran eta Batzar Nagusian parte hartu du. Bi bilerak Istanbulen egin dira, kongresuaren topaketa teknikoa hasi aurretik.

AZTERLANeko eta TABIRA Galdaketa Institutuko kideak WFOren Batzorde Exekutiboaren bileran.

AZTERLANeko eta TABIRA Galdaketa Institutuko kideak WFOren Batzar Nagusian.