Ia lau urteko lanaren ondoren, GREENCASTING LIFE proiektu europarrak mezu argi bat utzita bukatu da: burdin galdaketan aglomeratzaile sistema ez‑organikoetara trantsizioa “teknikoki bideragarria da eta emaitza onak eman ditzake, baldin eta ezarpena analisi sakon batean eta prozesu bakoitzaren berezitasunetara egokitzean oinarritzen bada”.
GREENCASTINGek Europako hainbat herrialdetako zentro teknologikoak, unibertsitateak eta galdaketak batu ditu helburu komun batekin: moldeketan, galdaketan eta desmoldeoan sortzen diren emisioak murriztea, aldi berean lantegiko airearen kalitatea eta prozesuaren jasangarritasuna hobetuz.
AZTERLANeko Iraunkortasu eta Ingurumen ikerlari Erika Garitaonandiaak, proiektuaren koordinatzailea AZTERLANen, GREENCASTINGek utzitako lorpen eta ikasgai nagusien balorazioa egin du.
Emisioen murrizketa esanguratsua
Proiektuaren emaitza nabarmenenetako bat izan da sistema ez‑organikoek emisio kutsatzaileak nabarmen murrizten dituztela sistema organiko tradizionalekin alderatuta.
Laborategian, planta pilotuan eta industria‑ekoizpeneko instalazioetan egindako saiakuntzek %90etik gorako murrizketak erakutsi dituzte BTEX eta HAP konposatuetan, baita CO, NOx edo SO₂ bezalako gasen puntako balio txikiagoak ere. “Emisioen murrizketa arlo guztietan frogatu da, baita industria baldintza errealetan ere”.
Ez dago irtenbide unibertsalik
Ingurumen alorreko emaitzak positiboak izan arren, proiektuak agerian utzi du sistema horien ezarpena ez dela zuzena, eta ez dagoela kasu guztietarako irtenbide bakarrik.
“Galdaketa prozesu bakoitzak baldintza espezifikoak ditu (hare motak, laneko aleazioak, moldekatze sistemak eta automatizazio maila), eta horrek formulazioak eta prozesuak egokitzera behartzen du. Horregatik, galdategi bakoitzak sistema bere errealitate produktibora moldatu behar du”.
Erronka: desmoldekatze prozesua erraztea eta nukleoen kolapsagarritasuna handitzea
Identifikatutako erronka tekniko nagusietako bat nukleoen kolapsagarritasuna izan da, “bereziki sodio silikatoetan oinarritutako sistemetan, tenperatura altuan bigarren erresistentzia ager daitekeelako eta horrek desmoldekatzea zailtzen duelako”.
Proiektuaren barruan egindako lanari esker, formulazio berriekin eta gehigarri espezifikoekin hobekuntzak lortu dira, baita geometria konplexuetan ere. “Horri esker, sistemaren puntu kritikoenetako batean aurrerapen argia egin dugu, desmoldekatzeko gaitasuna hobetuta”.
Birsorketa: bideragarritasunerako giltza
Proiektuaren beste zutabe nagusietako bat hondarren birsorketa izan da, sistemaren jasangarritasun ekonomiko zein ingurumen jasangarritasunerako funtsezkoa dena. “Erabilitako hareak berreskuratu eta berrerabiltzerik gabe, sistema ez da guztiz jasangarria; beraz, prozesuaren funtsezko atala da”.
Emaitzek erakusten dute posible dela birsortutako harearen atal handia berrerabiltzea, propietate mekaniko egokiak mantenduz, eta horrek galdaketan eredu zirkularragoetarako bidea irekitzen du.
Ezarpen progresiboa, ordezkapen zuzenaren ordez
Industria‑esperientziak erakutsi du sistema ez‑organikoetara trantsizioak inbertsioak, prozesuaren doikuntzak eta plantan baliozkotze progresiboa eskatzen dituela. Horregatik, “ez da ordezkapen zuzena, ikuspegi ebolutiboa baizik. Pentsamendu logika ez da izan behar produktu bat beste batekin ordezkatzen dela, baizik eta moldekatze‑prozesua nola diseinatzen eta kontrolatzen den eraldatzea suposatzen duela aldaketak”.
Ondorioa: baliagarria den teknologia, pixkanaka txertatu beharrekoa
Emaitzak ikusita, GREENCASTING LIFE partzuergoak balorazio positiboa egin du: sistema ez‑organikoek emisioak nabarmen murrizteko gaitasuna frogatu dute moldearen propietateak arriskuan jarri gabe, baina ezarpenak ezagutza teknikoa eta industria‑laguntza eskatzen du.
“Teknologiak funtzionatzen du, baina gakoa ez dago materialaren ordezkapen zuzenean, baizik eta integrazio progresiboan, prozesuaren ezagutza sakonean eta planta bakoitzaren berezitasunetara egokitzean”.
GREENCASTING LIFE proiektua Europar Batasuneko LIFE programaren bidez kofinantzatu da (LIFE21-ENV-FI-101074439 hitzarmenarekin), eta amaitu arren, emaitza zientifikoak, baliozkotze industriala eta etorkizunean galdaketa jasangarriago baten alde lanean jarraituko duen lankidetza sare europarra utzi ditu.
