AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroak lattize/erretikular egiturak dituzten altzairu herdoilgaitzezko osagaiak fabrikatzea lortu du, haien pisua murrizteko, propietate mekanikoei kalte egin gabe. Piezak 3D hareazko moldeetan (Binder Jetting teknologiaren bidez eraikiak) fabrikatu dira eta galdaketa-prozesu konbentzional bidez bete dira.
Binder Jetting fabrikazio aurreratuko prozesuaren bidez hareazko molde eta arrak fabrikatzeak moldekatze-sistema konbentzionalen bidez egingarriak ez diren formak sortzea ahalbidetzen du. Prozesu horretan, erretxina modu selektiboan aplikatzen da hareazko geruza fin baten gainean, geruzaz geruza jalkipena eginez, eta, honela, beste moldekatze-teknika batzuek eskaintzen dituztenen antzeko gogortasuneko eta gainazal-akaberako hareazko 3D molde bat sortzen da.
Teknologia horrek eskaintzen duen abantaila nagusia diseinu-askatasuna da, eta horrek, aldi berean, atea irekitzen die osagaien geometriari nahiz moldekatze-bitartekoei beraiei lotutako berrikuntza teknologiko esanguratsuei, hala nola, betetze- eta elikatze-sistemen konfigurazioari.
Teknologia horretan oinarrituta, eta fabrikazio gehigarriko teknologiak garatzera bideratutako Ecofast2 proiektuaren barruan, AZTERLANen Material eta Prozesu Berezien taldeak lattice/erretikulatu formadun egituretan oinarritutako altzairuzko osagai arinen kontzeptu berriak fabrikatzea lortu du. Hori lortzeko, ikerketa-taldeak hainbat estrategia landu ditu metalaren egokitzapenarekin eta elikadura-sistemen garapenarekin lotuta.
David García AZTERLANeko ikertzaileak azaldu duenez, “egitura erretikularrak bezalako egitura konplexuak eta kanal finak dituzten diseinuen kasuan, hareazko 3D inprimaketak diseinu-askatasun osoz moldeak eta arrak fabrikatzea ahalbidetzen du. Hala ere, erronka teknologiko nagusia piezak betetzea da, hau da, konektatutako kanalen bidez metalurtua behar bezala jariatzen dela ziurtatzea, piezak elikatuz, eta piezak solidotze prozesuan mazarotez elikatzen jarraitzea”. Bestela, betetze-faltei edo lotura hotzei lotutako akatsak ager daitezke osagaietan, eta horien propietate mekanikoei eragin diezaiekete.
Ikerketa-taldeak arrakastaz fabrikatu ditu lehen frogagailuak isurketa konbentzionalaren bidez. Fase berri batean, ikerketa-ahaleginak betetze-kontzeptu berriak garatzera bideratuko dira, eta, besteak beste, mazaroten sistemetan, piezak moldean banatzean, moldeak orientatzean edo elikadura beharturako bitartekoak gaineratzean jardungo dute.

Altzairu herdoilgaitz arinduzko osagai-lagina, hareazko 3D inprimaketa-moldean fabrikatutako sare-egiturarekin.
ECOFAST2 proiektuari buruz
“Ecofast 2” fabrikazio gehigarri metalikoko teknologia jasangarriagoak, eraginkorragoak eta produktiboagoak ikertzera eta horiei buruzko ezagutza sortzera bideratuta dago, ingurumen- eta lehiakortasun-inpaktu txikiagoa duen industria bat eraldatzeko eta sortzeko, ekonomia zirkularra sustatzeko estrategiak garatuz eta produktibitatea handitzeko eta kostuak murrizteko prozesuak optimizatuz.
- Zuzeneko jalkipenean oinarritutako fusio bidezko haria prozesatzeko teknologiak: Laser Metal Deposition (LMD edo DED-LB/M haria)
- Wire Arc Additive Manufacturing bidez haria prozesatzeko teknologiak (WAAM edo DED-Arc/M)
- Hauts ohantzean eta sinterizazioan oinarritutako fusiorik gabeko hauts metalikoa prozesatzeko teknologiak: Metal Binder Jetting (BJT/M).
- Hautsa fusionatzea dakarten teknologiak: DED-LB/M hautsa, laser cladding (estaldurak sortzeko), Powder Bed Fusion (PBF-LB/M)
- Beste teknologia berritzaile batzuk: Friction Stir Additive Manufacturing (FSAM), Liquid Metal Jetting (LMJ) eta Hareazko Binder Jetting (hauts-ohantzea, BJT).
Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, Elkartek Programaren bidez Ecofasteko (KK-2024/00018) partzuergoa BRTA Lortek (koordinatzailea), Azterlan, Ceit, Ideko, Tecnalia eta Tekniker zentro teknologikoek, IMHk eta UPV/EHUk osatu zuten.
Ekofast2 Industriaren lehiakortasuna hobetzeko fabrikazio gehigarriko teknologia iraunkor eta produktiboak proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du Elkartek Programaren bidez (KK-2025/00009). Proiektu garrantzitsu honen partzuergoa LORTEK (proiektuaren liderra), AZTERLAN, CEIT, IDEKO, TECNALIA eta TEKNIKER zentroek, BRTAko kideek, IMHk eta UPV/EHUk osatzen dute.