
Marta González metalurgia analisian eta zerbitzuan gertatzen diren hutsegiteen diagnostiko eta analisian aditua da. 1990ean AZTERLANera batu zenetik, bere ibilbide profesionala etengabeko ikaskuntzak, egokitzapen teknologikoak eta industriarekin harreman zuzenak markatu dute. Kimika Zientzietan lizentziaduna, AZTERLANen aurkitu zuen zorroztasun zientifikoaren eta ezagutzaren aplikazio praktikoaren arteko oreka.
Hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, bere ibilbidea aldaketa teknologiko eta sozial sakonak bizi izan dituen sektore baten bilakaeraren isla ere bada; eta bera da arlo zientifiko eta teknikoan emakumeek duten leku garrantzitsua ikusarazten duten “erreferente” horietako bat. Martxoaren 8ko aldarrikapenen harira, AZTERLANeko bere ibilbidearen zati bat eta emakumeek industia eta teknologia alorrean betetzen duten espazioaren inguruan hitz egin dugu berekin.
Zein da zure jarduera AZTERLANen eta zein izan ziren zure ikasketak?
Metalografia-analista naiz eta zerbitzuan gertatutako hutsegiteen analisi eta diagnostikoan eta material metalikoen akatsen analisian aditua. Nire ibilbide profesionalean zehar, propietate mekanikoen arloan jardun dut (bertan hasi nintzen 1990ean), saiakuntza kimikoetan eta analisi metalografikoan; azken horretan espezializatu naiz azkenean.
AZTERLANeko metalografia arloak badu berezitasun bat: material edo osagai bati egiten zaion prozesu analitiko osoa integratzen duen arloa da. Hau da, bertan egiten dugu karakterizazio-lan desberdinen interpretazio bateratua.
Ezagutza horretan oinarrituta, eta nire ibilbidean zehar altzairuen arloan espezializatu naizenez, zerbitzuan gertatutako hutsegiteen analisian ere jarduten dut (bizitza erabilgarrian zehar huts egiten duten osagaiak), eta I+G proiektuetan parte hartu dut. Horrek guztiak materialen eta haien fabrikazio-prozesuen ikuspegi zabala izatea ahalbidetu dit.
Kimika Zientzietan lizentziatu nintzen, Kimika Fisikoan espezializatuta. Ondoren, doktoregoko ikastaroak egin nituen eta unibertsitateko bekak izan nituen. Hasiera batean, gutxienez lau urte gehiagoz unibertsitatean jarraitzea nuen aurreikusita; hala ere, une hartan AZTERLANen sartzeko aukera sortu zen eta pausoa ematea erabaki nuen.
Nola baloratzen duzu zure ibilbide profesionala?
Oso modu positiboan baloratzen dut. Bilakaera progresiboa izan da. AZTERLANera iritsi nintzenean, oinarri zientifiko-teorikoa nuen, baina ez nuen industria-esperientziarik. Materialei eta haien fabrikazio-prozesuei buruz gaur egun dudan ezagutzaren zati handiena hemen ikasi dut.
Nire hazkunde profesionala AZTERLANen beraren hazkundearekin batera joan da, aurrerapen teknologikoetara, metodologia berrietara eta lan egiten dugun industria-sektoreen eskakizun gero eta handiagoetara egokituz, haien eguneroko arazoei irtenbideak ematen saiatuz. Une errazagoak eta zorrotzagoak egon dira, baina beti sentitu dut aurrera egiten ari nintzela, ezagutza berria eskuratzen eta balioa ematen.
Marta AZTERLANeko laborategian 1990eko hamarkadaren hasieran.
Nola gogoratzen duzu zure lehen etapa AZTERLANen?
Ilusio handiz eta ikasteko gogo biziz gogoratzen dut, proiektuan oso inplikatuta eta ilusioz beterik zegoen talde baten parte izanik. Garai hartan, niregan sinesten zutela eta nire prestakuntzan denbora eta baliabideak inbertitzen zituztela sentitzen nuen. Hazteko izango nituen aukerak argi ikusten nituen eta hori oso motibatzailea zen.
Esperientzia hori AZTERLANeko taldean 40 urte hauetan zehar sartu diren pertsona guztiek bizi ahal izatea gustatuko litzaidake, nahiz eta jakin gaur egungo tamaina eta erritmoa oso bestelakoak direla.
Imajinatzen al zenuen AZTERLANek 40 urte hauetan izan duen garapena izango zuenik?
Egia esan, ez. Sartu nintzenean taldea txikia zen eta gaitasun teknologikoak zentro gazte batenak ziren. Denborarekin, AZTERLAN hazi egin da pertsonetan, espezializazioan eta baliabide teknikoetan. Gaur egun ditugun gaitasunak, baita bizi izan dugun egitura-hazkundea ere, pentsaezinak ziren orduan.
Hazkunde pausatuagoak eta azkarragoak egon dira, baina bilakaera etengabea izan da. Ibilbide horren parte sentitzen naiz, nire proiektua balitz bezala, haur bat hazten ikusi duen norbaiten moduan. Garrantzitsua da ere azpimarratzea gidaritza sendo bat egon dela atzean eta urte hauetan guztietan lan eta ahalegin handia egin dugula.
Zure ibilbidean zehar harreman estua izan duzu industriarekin. Nola ikusten duzu emakumeen presentzia metal-mekanika sektorean
Hezkuntza-arloan emakumeak karrera teknikoetan bazeuden ere, industrian presentzia oso txikia zen garai artean. Nire hasieretan, industria-enpresetako solaskide gehienak gizonak ziren, batez ere kargu tekniko eta arduradunetan.
Urteekin egoera hori aldatzen joan da. Gaur egun ohikoagoa da emakumeak arlo horietan aurkitzea, batez ere kalitatearekin eta bulego teknikoekin lotutako postuetan. Ez da bat-bateko aldaketa izan, baizik eta pixkanakakoa. Hogeita hamar urte ez dira hainbeste kultura-ikuspegitik, baina aldaketa nabaria da.

Ezkerra: Marta González, Julián Izaga eta Ricardo Gezala (AZTERLAN), irakasle lanetan galdaketarekin lotutako formazio batean, argazkian, ikasleekin. / Eskuina: Marta eta Julián AZTERLANeko laborategian bezero enpresa bateko teknikariekin.
Zure ibilbidean zehar harreman estua izan duzu industriarekin. Nola ikusten duzu emakumeen presentzia metal-mekanika sektorean?
Pertsonalki, ez. Nire familia-ingurunean inoiz ez zitzaidan planteatu emakumea izateagatik mugarik izango nuenik. Mezua argia zen: ikastea niretzat tresna bat zen, inork kendu ezin zidana eta ateak irekiko zizkidana. Gai teknikoetarako joera naturala izan dut beti, eta karrera teknikoa aukeratzean babesa sentitu nuen.
AZTERLANera sartu nintzenean, taldea zortzi lagunek osatzen genuen, eta lau emakumeak ginen — industria-ingurune hartan pentsaezina zen proportzioa. Nire ibilbidean ez dut baldintzapen zuzenik sentitu. AZTERLANen eta lehenago unibertsitatean ere, ezagutza eta arazoak konpontzeko gaitasuna baloratzen zirela sentitu dut.
Industria-enpresekin izan dudan harremanean ere ez dut genero-alborapenik bizi izan. Enpresak laguntza eske etortzen ziren guregana, eta errespetua erakusten ziguten arazoei irtenbidea emateko edo bideratzeko gai ginen neurrian. Azkenean, hori zen benetan garrantzitsuena.
Gaur egun emakumeen azpiordezkaritza dago oraindik karrera eta lanpostu teknikoetan. Zergatik uste duzu gertatzen dela? Egin dezakegu zerbait hori aldatzeko?
ste dut faktore kultural eta hezitzaileekin lotura handia duela. Askotan, oharkabean, rol eta itxaropen edo eskakizun jakin batzuk transmititzen dizkiegu gazteei oso adin goiztiarretatik. Horregatik, oinarria hezkuntzan dagoela uste dut, bereziki familia-ingurunean: berdintasunean heztea eta aukera-eskaintza osoa mugarik gabe aurkeztea.
Garrantzitsua da bai neskek bai mutilek jakin-mina pizten dieten arloak esploratu ahal izatea, aurretiazko etiketarik gabe. Txikitatik normalizatzen bada edozein ibilbide, formakuntzakoa edo profesionala, edozeub generorentzat baliozkoa dela, karrera teknikoetara iristea ondorio naturala izango da.
Gainera, kontziliazioa errazten duten politika sozialek ere laguntzen dute erabaki profesionalak beste faktore batzuek hainbeste baldintzatu ez ditzaten. Halako aldaketa sakonak ez dira egun batetik bestera lortzen, baina hezkuntzarekin, erreferenteekin eta aukerekin, oreka pixkanaka iritsiko da.
Era berean, uste dut ikasle gazteen bisitek AZTERLANera (edo beste zentro eta lan-espazio batzuetara) misio honetan laguntzen dutela, etorkizunean interesgarriak izan daitezkeen lanbideak ikusarazten baitituzte.