Enara Mardaras doktorea, AZTERLANeko Korrosio eta Materialen Babesari buruzko I+G arduraduna, CNMAT 2026 Materialen XVIII. Kongresu Nazionaleko Antolakuntza eta Batzorde Zientifikoetan aritu da. Halaber, Kongresuko jarduera zientifikoaren garapenean zeregin garrantzitsua izan du, korrosioari eskainitako sinposioen moderatzaile gisa, bai eta kongresuko programa ofizialean eta Materialen Karakterizazio Eskolan hizlari gisa ere arituta.
CNMAT 2026k komunitate oso zabala bildu du. Zerek egin du edizio hau berezi?
Hala da. Antolakuntza Batzordetik parte hartzeaz egiten dugun balorazioa positiboa da, bai tamainari dagokionez bai orekari dagokionez. Ikuspegi zientifikotik, 300 ahozko ekarpen baino gehiago eta 100 posterretik gora izan ditugu. Zentzu honetan, azpimarratzekoa da landutako gaien eta gaur egungo erronka sozial, industrial eta ingurumenekoen arteko lotura.
Hala ere, nire ustez edizio honetan nabarmentzekorik handiena IRON BIZIRIK ekimenaren baitan egin ditugun formatu berritzaileak izan dira; ekimen honen bidez gure lurraldeko siderometalurgia ondarea balioan jarri nahi izan dugu. Hainbat jardueraren bidez (enpresetara eta toki esanguratsuetara bisitak, materialen zientzia haurrei hurbiltzeko tailerrak (TxikiMat), edo “ukitu berezia” duten hitzaldi nagusiak eta solasaldiak, besteak beste) kongresuari dimentsio berri bat eman diogu eta publiko berrietara hurbildu dugu. Parte-hartzaileen erantzuna oso positiboa izan da.
AZTERLANek parte-hartze oso aktiboa izan du kongresuan…
AZTERLANen parte-hartzea sendoa izan da eta misioarekin lerrokatuta egon da: ezagutza industriara igortzea. CNMAT 2026ra eraman ditugun sei ikerketa-lanak egungo erronkei zuzenean lotutako esparruei dagozkie: fabrikazio aurreratuko prozesuen garapena, korrosioa, galdaketaren oxidazioarekiko erresistentzia, higaduraren portaeraren azterketa eta optimizazioa, edo materialen karakterizaziorako teknika berriak.
Gainera, “Materialen Karakterizazio Eskola” ekimenean parte hartu dugu (edizio honetan gehitu dugun beste formatu berritzaile bat), mikroskopia elektronikoari, EBSDri eta korrosioaren ebaluazio teknikei buruzko prestakuntza emanez. Horrela, kongresuaren alderdi formatiboa ere indartu dugu eta Zentro Teknologikook ezagutza praktikoa transferitzeko dugun eginkizun garrantzitsua erakutsi dugu.
Nire kasuan, gainera, korrosioari eskainitako hainbat saio tekniko moderatzeko aukera izan dut, nire espezialitate-eremua izanik, programa zientifikoaren garapenean rol honetatik ere lagunduta.
Kongresuak deskarbonizazioa edo material kritikoak bezalako erronketan jarri du arreta. Zer eginkizun du ikerketak testuinguru honetan?
Erabat estrategikoa. Deskarbonizazioari eta material kritikoak aztertzeari eskainitako saioek agerian uzten dute materialak funtsezko eragile direla industria eraginkor eta iraunkorrago bat sortzeko, ekonomia autosufizienteago baterako eta trantsizio energetiko arrakastatsua lortzeko.
Gaur egun, ikerketa ez da soilik ezagutza sortzea; erronka industrial eta sozial handiei erantzuteko tresna bihurtu da.
Zein ondare uztea gustatuko litzaizuke CNMAT 2026k?
Gustatuko litzaidake XVIII. edizio hau zientziaren, industriaren eta gizartearen arteko lotura indartu duen edizio gisa gogoratzea; ikertzaileen komunitatetik harago joan den eta kongresu batean parte hartzeko “modua” ere berritu duen edizio gisa. Uste dut IRON BIZIRIK ekimena gakoa izan dela, kongresua irekiagoa eta ingurunearekin lotuagoa bihurtzen lagundu duelako.
Zentzu honetan, CNMAT edizio honen gaitasun integratzailearekin geratzen naiz: ikertzaile gazteak eta seniorrak bateratzea, zientzia eta gizartea uztartzea… eta iragana eta tokiko berezko ezaugarriak balioan jartzea oraina ulertzeko funtsezko tresna gisa.
CNMAT 2026ri buruz
CNMAT Materialen Kongresu Nazionala Sociemat Elkarteak bultzatutako ekimena da, bi urtean behin Estatuko puntu desberdin batean egiten dena. Aurtengo edizioa Portugaleten izan da eta EHU eta MU Unibertsitateek eta AZTERLAN eta Tekniker Zentro Teknologikoek Antolakuntza Batzortean parte hartu dute.
Kongresuaren edizio honetan bi ikerlariren ibilbidea saritu da: Juan José de Damborenea González-ena (CENIM CSIC), SOCIEMATen Zientzia eta Materialen Teknologiako Ibilbide Zientifiko Onenaren Sari Nazionala, eta Juan Bautista Carda Castelló-rena (Jaume I Unibertsitatea), Sociemat Acers España Sari Nazionala beirazko material zeramikoetan egindako ibilbideagatik.

Antolaketa Batzordeko kideak eta euren ibilbideagatik sarituak: Iñaki Hurtado (Mondragon Unibertsitatea), Kongresuko presidente Teresa Guraya (EHU), Juan José de Damborenea (CENIM-CSIC), Juan Bautista Carda (Jaume I Unibertsitatea), Enara Mardaras (AZTERLAN) eta Javier Barriga (Tekniker).