Azpiegitura berriak, scatterControl teknologiadun Metrotom 1500G3 Tomografia Axial Konputarizatuko ekipoa, teknologia berrien, fabrikazio-prozesuen eta produktu estrategikoen garapenean aurrera egiteko bultzada emango die euskal industriari eta honen euskarri teknologikoko sareari. Azpiegitura berri hau Eusko Jaurlaritzak (AZPITEK 2024 programaren bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (Transferentzia Teknologikoa 2024 programaren bidez) finantzatzen dute.
Fabrikazio-prozesuen bilakaerak eta konbergentziak, eta produktuen diseinuaren alorrean osagai (eta material) jasangarriagoak, funtzio anitzekoak eta errendimendu handiagokoak (iraunkorragoak eta fidagarriagoak) bilatzeko joera berriek laguntzazko egiturak behar dituzte prozesuen zein produktu optimizatuen garapen-faseak aztertzeko eta baliozkotzeko.
Bide honetan, ordenagailu bidezko tomografia axiala industriaren aliatua da duela urte askotatik, eta piezen eta egituren barne-osasuna modu ez-suntsitzailean ikuskatzea eta aztertzea ahalbidetzen du. Sentsibilitate-gaitasunean izandako aurrerapenek eta bistaratze zein azterketa softwareen bilakaerak berrikuntza- eta garapen-prozesuak bizkortzea eta bultzatzea ahalbidetzen dute, eta, horrekin batera, balio handiko tresna hau eskura duten enpresen lehiakortasuna indartzen dute.
Industria-enpresei produktu berriak garatzen eta haien fabrikazio-prozesuak optimizatzen laguntzeko, AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroak Mikrotomografia Axial Konputarizatu gaitasun aurreratu berriak barneratu ditu, zehazki, Metrotom 1500G3 tomografoa scatterControl teknologiarekin (duela gutxi Zeissek patentatutakoa).
Garikoitz Artola AZTERLANeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “aktibo berri honek BRTAri, ZTBESri eta, oro har, gure inguruneko industria- eta berrikuntza-ehunari tomografia-gaitasun aurreratu bereziak emateko aukera ematen digu. Metrologia-bereizmenak eta barne-akatsak antzemateko gaitasun handiak aukera emango digute hainbat sektoretako industria-enpresei beren berrikuntza- eta optimizazio-prozesuak bizkortzen eta bermatzen laguntzeko”.
ScatterControl teknologiadun Metrotom 1500G3 ekipoak osagaien 4,5μm-rainoko zehaztapen metrologiko birtualak ziurtatzeko aukera ematen du, eta bereizmen handia eskaintzen du barne-akatsen detekzioan (25μm-raino), baita tamaina handiko galda-osagaien eta neurri handiko osagai soldaduen kasuan ere (1,5 m altuera artekoak). “Ezaugarri horiei esker, azpiegitura berri hau, neurri handi batean, mugikortasun elektrikoari lotutako beharrei erantzutera bideratuko da. Izan ere, gaur egun, aleazio arinetan (aluminioa nagusiki) fabrikatutako tamaina handiko piezak eta egiturak garatzeko joera nabarmena dago merkatuan. Horrez gain, teknologia honek material disimilarrez osatutako osagai hibridoetan bereizmen handia lortzeko duen gaitasunari esker ikerketa-bide berri esanguratsuak ere irekitzea espero dugu”.
Horrela, aktibo berri honekin jorratzea espero diren alorren artean honako hauek nabarmen daitezke: GIGA/MEGA Casting teknologien garapena (neurri handiko aluminiozko osagaien fabrikazioa injekzio galda-teknologien bidez), egitura erretikularren garapena (osagaien pisua arintzeko) harea moldekatzearen bidez, osagai hibridoen eta soldatuen fabrikazioa (teknologia gehigarrien eta beste teknologia batzuen erabilera konbinatuta) eta mekanizazioko hazkuntzen optimizazioa. “Azken batean, aukera emango digu enpresei laguntzeko beren prozesuak optimizatzen eta arlo estrategikoetan eta mundu mailan goraka doazen aplikazioak garatzen, haien aurrerapena eta lehiakortasuna ziurtatzeko”.
Konputarizatutako mikrotomografia axialeko azpiegitura berri honek eskaintzen dituen gaitasunak AZTERLANek materialen eta fabrikazio-prozesuen garapenean, prototipatze azkarrean, materialen karakterizazioan (saiakuntza suntsitzaile eta ez-suntsitzaileen bidez) edo simulazio- eta iragarpen-gaitasunetan dituen konpetentzia aurreratuekin osatzen dira.
AZTERLANen Mikrotomografia Axial Konputarizatuaren azpiegitura berria Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, AZPITEK 2024 eta 2024ko Teknologia Transferentzia programen bitartez, hurrenez-hurren.

Mikrotomografia bitartekoekin ikuskatzeko osagarriaren prestaketa.