AZTERLAN 1986-2026

"Arbola onak, itzal ona"

2026an AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentro bezala eratu zeneko 40. urteurrena ospatzen dugu. 

Mugarri esanguratsu hau dela eta, hilero, gure ibilbidearen zatitxo bat partekatuko dugu AZTERLANeko eta gure erakundearen inguruko erreferentziazko pertsonen bitartez.

1. GURE SUSTRAIAK
2. LEHEN URRATSAK
3. GURE BILAKAERA
4. GURE GAITASUNAK
5. AZTERLAN LANTALDEA
6. Gure Jarduera
7. Gure Espezializazioa
8. Gure Sinboloak
9. Ezagutza Aurreratua
10. Garapen Berriak
11. Aliantza Estrategikoak
Egun
Ordu
Min.
Seg.
12. Konpromiso Soziala
1.

GURE SUSTRAIAK

“Marista komunitatea Durangaldera iritsi zenean 1904an, tokiko manufaktura-tradizioa ezagutza teknikoarekin integratzen zuen ekosistema bat sortu zen. Testuinguru hori funtsezkoa izan zen eskualdearen garapen industrial, ekonomiko eta sozialerako. AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroaren sorrera ondare horren fruituetako bat da.”

Dani-irazola.jpg
Daniel Irazola.
Zuzendaria
Maristak Durango

Durangoko Anaia Maristen Arte eta Lanbide Eskola

AZTERLANek Durangoko Anaia Maristen Arte eta Lanbide Eskolan du jatorria. Erakunde hau Durangaleako prestakuntza tekniko eta industrialean aitzindaria izan da XX. mendearen hasieratik. Eraldaketa industrialeko testuinguru batean eta ezagutza aplikatuaren premia gero eta handiagoa zenean, Eskola irakaskuntza, ezagutza eta tokiko produkzio-ehunaren arteko topagune bihurtu zen.

 

Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, Durangaldean metalurgiaren eta galdaketaren bultzadak kontzientzia piztu zuen prestakuntzan lan zientifiko eta esperimentala egin behar zela, industriaren erronka teknologikoei laguntzeko eta erantzuteko gai izateko.

 

Ideia horretatik sortu zen urte batzuk geroago AZTERLAN izango zenaren ernamuina: prestakuntzan ez ezik, material metalikoen saiakuntza eta karakterizazio aurreratuan, ikerketa aplikatuan eta berrikuntza teknologikoan ere aritzen den erakundea. Hortik dator gure erakundearen euskal jatorri etimologikoko izena: «AZTERLAN».

 

Aipamen eta aintzatespen berezia, bai Erakunde Maristari, bai AZTERLAN sortzea ahalbidetu zuten pertsonei, tokiko ehun industrialari eta gizarteari zerbitzu-ikuspegi eta balio-ekarpen argia emanez:

  • Pedro Huidobro anaia
  • Zacarías Aguirre anaia
  • Alberto Oribe anaia
2.

Gure lehen urratsak

Industria-bokaziodun Ikerketa Zentro baten oinarriak ezartzen

AZTERLAN modu naturalean sortu zen Durangoko Anaia Maristen Ikastetxearen baitan, 1970eko hamarkadaren hasieran erakundeak bere inguruko industria-sarearekin zuen harreman estuak markatutako testuinguruan. Garai hartan, metalurgiaren sektorea eraldaketa sakonean murgilduta zegoen, eta gero eta ezagutza tekniko handiagoa, zorroztasun analitikoa eta materialen eta prozesuen kontrola eskatzen hasi zen.

Une garrantzitsu horretan, Ikastetxeak dirulaguntza txiki bat jaso zuen ikaskuntza teknikoetan ziharduten ikesleen prestakuntza bultzatzeko azpiegitura gisa laborategi bat sortzeko. Hasiera batean Lanbide Heziketako praktiketarako baliabide didaktiko gisa pentsatua, laborategiak pixkanaka beste eginkizun bat hartu zuen bere gain: Ikastetxeko patronatuan parte hartzen zuten industria-enpresei zerbitzu teknikoak eskaintzea. Lehen enkarguak entsegu sinpleak izan ziren, hala nola gogortasun-probak, oinarrizko metalografia analisiak, karbono-neurketak edo burdinurtuen egituren identifikazioa.

Lan horiek baliabide mugatuekin eta baldintza xumeetan egiten ziren, baina etorkizuneko AZTERLANen DNA definituko zuen jarrerarekin: industriaren benetako beharrei erantzutea, praktikatik ikastea eta etengabe eta modu progresiboan aurrera egitea. Orduan Maristen Laborategia izenez ezagutzen zena gero eta eskaera handiagoa jasotzen hasi zen, ez ekintza komertzial egituratu baten ondorioz, baizik eta enpresen arteko ahoz ahoko aintzatespenari esker.

Industria-ingurunearekiko etengabeko harremanak inflexio-puntu bat ekarri zuen. 1970eko hamarkadaren erdialderako, enpresa batzuk laborategira jotzen hasi ziren erantzunen bila, eta laborategia Ikastetxeko zerbitzu-unitate gisa funtzionatzen hasi zen. Garai hartako lantaldeko kideek, Alberto Oribe Laborategiko zuzendari gisa, Julián Izaga zuzendari tekniko gisa, Maite Zaldibar administrari gisa, eta Izaskun Gorostiza eta Ricardo Gezala laborategiko teknikari gisa, Jesús Garcíarekin batera (AZTERLANeko kide 1997 arte),  “fakturazio txikiko, baina enpresetako langileekin harreman oso estuko” garai gisa gogoratzen dute etapa hura. Jardueraren hazkunde txiki bakoitza lorpen partekatu gisa bizi zuten. Aurrerapausoak ospatzea hazkunde-prozesuaren parte naturala zen, eta lorpenak ospatzeak etengabeko ikaskuntza eta ilusioz betetako giroa indartzen zuen, eskola-laborategi baten logikatik harago.

Laborategiaren garapena erabat organikoa izan zen. Ez zuen plan estrategiko formalik jarraitu, baizik eta dinamika sinple eta eraginkor bati erantzun zion: industriak beharrak planteatzen zituen, eta Laborategiak horiei erantzuteko eboluzionatzen zuen, askotan erronka berri bakoitzarekin ikaskuntza-esfortzu gehigarria eginez. Prozesu horrek oinarri sendoa izan zuen Ikastetxeko irakasleen ezagutzan, enpresetako teknikarien lankidetza zuzenean eta bezeroekin eta haien benetako arazoekin izandako harreman estuan.

Garai hartako lantaldeak maitasun bereziz gogoratzen duen mugarrietako bat lehen espektrometroaren erosketa izan zen, “Belgikatik ekarria, garai hartako bost milioi pezetaren truke”, gaitasun teknikoan benetako eraldaketa ekarri zuena. Inbertsio horrek jauzi kualitatibo handia ahalbidetu zuen lanak egiteko abiaduran, fidagarritasunean eta analisiaren irismenean. Garairako apustu garrantzitsua izan zen, eta denboran zehar mantenduko zen joera ezarri zuen: gaitasunetan inbertitzea, industriaren bilakaerari hobeto laguntzeko eta haren beharrei erantzuteko.

1980ko hamarkadaren erdialdera, hazkunde iraunkor horrek errealitate saihestezin bat agerian utzi zuen. Laborategia jada ez zen guztiz egokitzen hezkuntza-zentro baten egitura antolatzaile eta erritmoetara. Industria-zerbitzuaren eskakizunek, ordutegiek, lan-hitzarmenek eta funtzionamendu-dinamikak nortasun juridiko eta operatibo propioa zuen erakunde bat eskatzen zuten.

1986an erabaki giltzarria hartu zen: AZTERLAN erakunde independente gisa sortzea. Ordura arte laborategia Maristen Ikastetxearen parte izan zen, baina hortik aurrera ibilbide berri bati ekin zitzaion, iraganarekiko hausturarik gabe, baina garapenerako esparru egokiago batean. AZTERLAN izenak, bere erro euskaldunagatik eta jardueraren izaera zehaztasunez islatzeagatik hautatua, identitate argi eta ezaguna sendotzen lagundu zuen. Hasierako fase honetan, AZTERLANek jarduera Ikastetxeko instalazio beretan mantendu zuen, Durangoko erdigunean. Prozesu hau lehiakortasun handiko ingurune batean gauzatu zen, non AZTERLANek tamaina eta ibilbide handiagoko erakundeekin batera lehiatu behar zuen. Lantaldeak urte haiek lan gogor baina asegarri gisa gogoratzen ditu, inplikazio pertsonal handia eta giza lotura sendoak izan zituztenak.

Atzera begiratuta, lehen urrats haietan parte hartu zutenek adierazten dute AZTERLAN ez zela “hazkunde-anbizio esplizitu batetik eraiki, baizik eta eguneroko konpromisotik, ahalegin partekatutik eta lankidetza-kultura sendo batetik”. Garai hartan zaila zen, ezinezkoa ez bada, imajinatzea proiektu hark izango zuen irismena, profesional talde gazte batek osatutako lehen nukleo hartan oinarrituta, beren ezagutza, denbora eta konfiantza eskaini zituzten inguruko pertsona konprometituen sare zabal baten babesarekin.

Ondoren etorriko ziren beste mugarri garrantzitsu batzuk, hala nola ENAC akreditazioa lortzea (1994), I+G+B jardueren pixkanakako integrazioa edo Durangoko kanpoaldeko instalazio berrietara lekualdatzea (2006), azpiegituretan eta gaitasunetan etengabeko inbertsioa eta langileen hazkunde esanguratsua ahaztu gabe. Aldaketa hauek  jauzi kualitatibo esanguratsuak suposatu zituzten ikuspegi teknikoari zein antolakuntzari dagokionean.

Gaur egun, AZTERLAN nazioarteko erreferentziazko Zentro Teknologikoa da. Hala ere, bere identitatea oraindik ere lehen urte haiei estuki lotuta dago: industriarekiko gertutasuna, etengabeko ikaskuntza, pertsonen konpromisoa eta lana garapen teknologiko eta sozialaren motor gisa ulertzeko ikuspegi partekatua.

Proiektu bat, lau begirada

Alberto Oribe, Maite Zaldibar, Izaskun Gorostiza eta Ricardo Gezala izan ziren, Julián Izaga eta Jesús Garcíarekin batera, AZTERLANeko lehen pertsona-taldea osatu zutenak. 

Alberto Oribe

Irakasle eta Laborategiko zuzendari ohia; egun, Casa Maristas Azterlaneko presidentea

1976an, Alberto Oribe Durangoko Anaia Maristen Ikastetxeko irakasle-taldera batu zen eta laster bi ardura berri hartu zituen bere gain: ikasketa-buru kargua eta Ikastetxeko Laborategiko zuzendaritza; Laborategia irakaskuntzatik harago doan jarduera garatzen hasia zen. Julián Izagarekin batera (garai hartan Ikastetxeko irakaslea), jarrera ekintzailea eta etorkizuneko ikusmolde argia zuen taldea osatu zuten. Une garrantzitsu hartan Laborategiko lantaldea motibatzeko izan zuen ilusioa eta gaitasuna, bai eta Ikastetxearen inguruko pertsonak inplikatzeko ahalmena ere, funtsezkoak izan ziren AZTERLAN sortzeko eta sendotzeko.

 

Albertok AZTERLANen arrakasta bi alderdi nagusiri egozten die: alde batetik, Marista Erakundearen babes sendoari, AZTERLAN proiektua beti babestu duelako eta “amets egiteko eta erabaki ausartak hartzeko aukera eman digulako”; eta, bestetik, erakundeko giza-taldearen inplikazioari eta konpromisoari, “AZTERLAN proiektua bere egin dutelako”. Albertok hazkunde pausatua azpimarratzen du ezaugarri nagusi gisara, etapa bakoitza finkatzeko eta mugarri berriak modu ordenatuan lortzeko aukera eman duena. Hasieratik, Alberto AZTERLAN Zentro Teknologikoari lotuta egon da, eta gaur egun ere zuzendaritza-taldeko kidea da.

Maite Zaldibar

Administraria

Administrazioko ikasketak eginda eta Informatikako prestakuntza egiten ari zela, Maite Durangoko Anaia Maristen Ikastetxeko Idazkaritzako kidea zen Ikastetxeko Laborategiarekin lotutako lehen enkarguetako bat jaso zuenean: Makina-Erremintaren Bienalean stand propio batekin parte hartzen laguntzea.

 

Hortik aurrera, Laborategiarekin zuen lotura handitzen joan zen: “eskaeren, fakturen, txostenen, barne-kudeaketarekin lotutako programa informatikoen eta datu-baseen koordinazioa, bezeroarei arreta… Garai hori taldekide guztiok denetarik pixka bat egin behar izaten genuen garai gisa gogoratzen dut (nire kasuan, laginak aztertzea izan ezik). Argazkiak errebelatzeko laborategi bat ere bagenuen, analisi lanei zegozkien argazkiak errebelatu egiten baitziren, bezeroei bidaltzen zitzaizkien txostenetan itsatsita txertatzeko”.

 

Maitek AZTERLANen hastapenak lan-karga eta jarduera handiko garai gisa gogoratzen ditu, baina proiektu pertsonal edo bizi-proiektu berri bat garatzen duenaren ilusioarekin bizi zena. Lantaldeko pertsonen arteko harreman bikaina, Laborategian bertan antolatutako urtebetetze eta bestelako ospakizun inprobisatuak, momentu bereziak partekatzea… “AZTERLANen sorreran parte hartu genuenontzat, bigarren etxea eta bigarren familia izan da”.

Izaskun Gorostiza

Laborategiko teknikaria, entsegu kimikoetan espezializatua

AZTERLANen lehen urratsetatik, Izaskunek enpresetako langile teknikoekin izandako tratu zuzen eta gertukoa azpimarratzen du AZTERLANen hazkunde progresibo eta ia inkontzientearen oinarri gisa. “Enpresek planteatzen zizkiguten arazoei erantzuteko moduak bilatzen genituen heinean gure ezagutza hobetzen jarraitzen genuen. Kontuan hartu behar da metalaren sektorean kalitate-eskakizunak handitzen joan zirela garai horretan, eta enpresek behar analitiko eta tekniko berriei egin behar izan zietela aurre. Askok jotzen zuten guregana laguntza bila. Beti onartzen genituen planteatzen zizkiguten erronkak, nahiz eta erabateko ezezagutzatik abiatu, eta horrek azterketa-ahalegin handia eta ezagutzan aurrera egiteko premia argia suposatzen zizkigun”.

 

Izaskunen ustez bezero-enpresetako teknikariekin harreman estua, garai hartako industria-beharretara egokitzeko gaitasuna eta enpresek AZTERLANengan jarritako konfiantza izan ziren lehen urte haietako altxor nagusiak. Atzera begiratuta, onartzen du denboraren poderioz bakarrik hartzen dela benetako kontzientzia azken 40 urteotan egindako aurrerapen guztiaz eta hasiera haietan hartutako erabaki zuzenen garrantziaz.

Ricardo Gezala

Laborategiko teknikaria, entsegu mekanikoetan espezializatua

Ricardok AZTERLANen jatorria logika oso argi batekin gogoratzen du: “garai hartako gure filosofia egunetik egunera hobetzen jarraitzea eta planteatzen zitzaizkigun erronkei erantzutea zen”. Testuinguru hartan, lana zen erritmoa markatzen zuena, eta erabakiak eta inbertsioak bezeroen beharrei erantzunez hartzen ziren; “oraindik ez genuen aurreikusten AZTERLAN gaur egun dena izatera iritsiko zenik”.


Ricardok, halaber, proiektuaren lehen nukleoa osatu zutenen artean sortu zen lotura pertsonal sendoa azpimarratzen du. Adiskidetasunak, elkarrekin antolatutako jarduerek eta kidetasun-sentimenduak denboran zehar iraun dute, eta bere ustez hori izan zen gaur egungo AZTERLAN eratzeko funtsezko taldekide-sentimenduaren oinarrietariko bat. 

3.

Gure bilakaera

Hasieratik, AZTERLANek etengabeko bilakaera izan du, eta horren isla nagusietako bat izan da bere instalazioen, azpiegituren eta gaitasun teknologikoen hazkundea bera, merkatu zorrotz eta oso lehiakor batean bere posizionamendua sendotzen joan den aldi berean.

 

AZTERLANen garapena eta eraldaketa gertutik bizi izan dituztenek bat egiten dute baieztapen batean: handitze bakoitza erakundearentzat une erabakigarria izan da eta bultzada txiki bat eta ilusio berritua ekarri ditu.

 

Hasierako urteetan, AZTERLAN Durangoko Maristen Lanbide Heziketako Ikastetxeko espazioetan kokatu zen, eta han bertan, 1995ean, AZTERLANen lehen eraldaketa handia gauzatu zen: ordura arte Ikastetxeko frontoia izan zen tokian laborategi berri baten eraikuntza. “Guretzat AZTERLAN berria izango zenaren obrak gertutik jarraitzea zen Gure Proiektua bezala sentitzen genuenaren aurrerapena amesteko eta proiektatzeko genuen modua.”

 

Hala ere, behin betikoak izango zirela ziruditen azpiegiturak laster geratu ziren txiki berriro —“uste baino askoz lehenago”— eta Zentroak beste hazkunde bat bizi izan zuen: 1998an jardueraren zati bat Iurretako kanpoaldera lekualdatu zen, mekanizazio-tailerra eta pixkanaka sendotzen hasia zen berrikuntza-jarduera hartuko zituzten instalazio berriak eraikita. Hau ere ez zen behin betiko jauzia izango.

 

Hausnarketa garrantzitsu baten ondoren, tokiko eta nazioarteko panorama zientifiko-teknologikoan kokatzeko lanean ari zen une erabakigarrian, eta Durango hazten jarraitzeko tokia zela berretsita, 2006an AZTERLAN gaur egungo kokalekura lekualdatu zen. Berezko eraikina, Aliendalde Industrialdean, non gaitasunetan eta azpiegituretan eboluzionatzen jarraitu duen. Instalazio horiei 2020an pabiloi berri bat gehitu zitzaien, eskala erdi-industrialeko gaitasun berriekin.

Aurrera egiten jarraitzearen erronka

Julián Izaga, Pedro Intxausti, José Mª Murua eta Ramón Suárez izan dira, bakoitza bere jarduera-esparrutik, AZTERLANen aurrerapen etengabea gidatu duten lider nagusiak.

Zerbitzu eta gaitasun berrien garapena, merkatu eta ortzimuga berrien irekiera, ametsak eta proiektuak errealitate ukigarri bihurtzea. Emandako urratsak helburu jakin bati jarraituz eman dira: industriari eta gizarteari ezagutza eta balioa ematea.

Julián Izaga

Teknologia zuzendaria
Juliánek AZTERLAN balioetan oinarritutako garapen gisa definitzen du; horiek, etengabe balio zientifiko-teknologikoa eta giza-balioa emateko grinarekin batera, erakundearen hazkundea eta sendotzea sostengatzen dituzten zutabeak dira. “Marista Instituzioaren etengabeko eta jarraitutako babesak —Proiektuan sinetsi baitu, zeina une oro bere burua berrasmatzen ari zen— eta, aldi berean, gure hazkunde-proposamenak babestu izanak, zalantzarik gabe, AZTERLANen aurrerapena eta posizionamendua bultzatu dituzten motor nagusietako bat izan da.”.

Dr. Pedro Intxausti

Zuzendari orokorra  (1990-2013)
Ingurune oso lehiakor batean AZTERLANen posizionamendua lantzea izan zen zuzendaritzaren eginkizun nagusietako bat. Momentu hartan gaur egungo ekosistema zientifiko-teknologikoaren oinarriak eratzen ari ziren. Bere izaera “lasaia, baina jarraikorra” izanik, bere kudeaketan, Pedrok ez zuen inoiz amore eman AZTERLANen gaitasun teknologikoak eta ezagutza balioan jartzeko ahaleginean, ezta enpresenganako transferentzia teknologikoaren lan garrantzitsua nabarmentzekoan ere.

AZTERLAN 1986an eratu aurretik, Maristen Laborategiak 10 urteko ibilbidea egina zuen jada, nahiz eta hasierako urteetan bere izateko arrazoia Lanbide Heziketako Zentroari estu lotuta zegoen. Eguneroko jarduera irakaskuntzaren eta Laborategiaren martxan jartzearen artean ardazten ziren. Hasieratik bertatik, pertsonen garrantzia azpimarratu behar da eta, horregatik, aipamen berezia dauka Juliánek Pedro Huidobro eta Zacarías Aguirre HH Maristek osatutako nukleoarentzako; haiek, Daniel Charterinarekin batera, Laborategiaren hasierako proposamena taxutu zuten, gerora modu ordenatuan garatuz joan zen hazia izan zena. 1976-77 ikasturtean, Alberto Oribe eta Julián Izaga batu ziren; lehenengoa Ikasketa-burua eta Laborategiko arduradun gisa, eta bigarrena irakasle eta euskarri teknologiko gisa.

AZTERLANen inguruko industria sektoreko metal-mekanikokoa zen, eta haren lehentasun nagusiak ezagutza espezifikoaren eskariarekin, izaera teknologikoko proiektuetarako sarbidearekin eta kalitate-zehaztapenen betetzearekin lotuta zeuden. Garai hartako laborategiko ekipamendua oso oinarrizkoa zen; hala ere, zerbitzu teknologikoen oinarriak ezartzeko, bultzada hartzeko eta hazkunde-estrategiak finkatzeko aukera eman zuen.

Juliánek azpimarratzen du “hasieratik bertatik gure inguruko beste laborategi batzuekin lehiatzen ginela, azpiegitura eta gaitasun aurreratuagoak baitzituzten. Testuinguru horretan, gure garapena oinarritu behar zen estrategiak definitu eta finkatzeko gai izan ginen, gure espazio edo merkatu-nitxo propioak lortzeko“. Ezagutza metalurgikoan eta fabrikazio-teknologietan espezializatzea zerbitzu-bokazioarekin, industriari emandako laguntzarekin eta hurbileko ingurunearekiko sustraitzearekin osatu zen; hala ere, azpimarratu behar da nazioarteko jarduerak burutzeko prest zegoen lantaldea. Bere bilakaera-prozesuan, AZTERLANeko giza taldeak balioa emateko gaitasuna lehenetsi zuen, eta industriarekiko laguntza eta konpromiso-behatzaile izatea.

Pertsonen, gaitasunen, merkatuaren eta ezagutzaren hazkundeak AZTERLANen bilakaeraren erritmoa markatu badu ere, Juliánek nabarmendu egiten du Maristen Instituzioaren konpromisoaren eta balioetan oinarritutako garapenaren garrantzia, Zentroaren izaeraren tresna bereizgarri gisa. Ingurunearekiko konpromisoa, sustraitzea, proiektu partekatuaren sentimendua, parte izatearen harrotasuna eta lana ondo eginda egotearen gogobetetasuna dira, haren iritziz, AZTERLANen iraganari eta etorkizunari balioa ematen dioten zutabeak.

Galdaketa, forjaketa eta estanpazioa fabrikazio-teknologia gisa, eta energia eolikoa merkatu/produktu binomioaren adibide gisa, AZTERLANek bereziki hazkunde esanguratsua izan duen espazio teknologikoak indartzeko baliagarriak izan dira. Testuinguru horretan, beste bezero-sektore batzuek ere garrantzi berezia hartu dute; hala, automobilgintzak eta makina-erremintak alde batetik, eta aeronautikak bestetik, AZTERLANen ezagutza- eta espezializazio-eremuak berriz definitu eta indartzera behartu gaituzte.

Etorkizunari begira, Juliánek zaintza teknologikoaren garrantzia azpimarratzen du, Zentroko giza talde osoa merkatu desberdinetan gertatzen diren aldaketen jakitun izan dadin eta ezagutzan aurrera egiteko beharra barnera dezan, industria osoarentzat traktore teknologiko gisa jardunez.

Doktoretza-ikertzaile gisa, Pedro Intxausti 1987an sartu zen AZTERLANeko taldean, inguruko galdaketek ordura arte lantzen zituzten aleazioetatik harago aplikazio potentzialak zituzten burdinurtuzko kalitate berrien fabrikazioari buruzko bere tesia egiteko helburuarekin. Doktoretza amaitu ondoren, AZTERLANeko Zuzendaritzan hasi zen.

Analisi eta ziurtapen zerbitzuen esparrua sendotuta eta Zentroaren ingurune hurbilean eskaera naturala aktibatuta zegoela, AZTERLANek jauzi kualitatibo garrantzitsu bati egin behar izan zion aurre: enpresei fabrikazioarekin lotutako arazoen konponbidean laguntzea eta haien lehiakortasuna hobetzea. Horrela, 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen orduan “ingeniaritza-taldea” deitu zutena (geroago “berrikuntza” edo “B+G” izango zena).

Ikuspegi berri honekin, eta “AZTERLANen aurrerapena oraindik esploratu gabe zeuden metalurgiako txokoetan ezagutza berria garatzeari eta ezagutza hori enpresetara transferitzeari lotuta egon behar zela” jakitun, eragile teknologiko desberdinak agertzen hasiak ziren une batean, 90eko hamarkadaren amaieran AZTERLANeko Zuzendaritzak helmuga argia zuen: garatzen hasia zen ekosistema zientifiko-teknologikoan AZTERLAN kokatzea.

Hori lortzeko, “beharrezkoa zen tokiko, autonomia-erkidegoko eta estatuko erakundeei AZTERLANek I+Garen eta teknologia-transferentziaren esparruan egiten zuen lana aurkeztea.”

Hamarkada bat baino gehiago iraungo zuen ibilbide honetan, Pedrok gogoratzen ditu “Zientzia eta Berrikuntza Ministeriora (Madril) egindako bisita amaigabeak, AZTERLANen gaitasunak eta gure lanarekin enpresen lehiakortasunari egiten genion ekarpena aurkezten.” Gogoratzen du, halaber, lehia gogorreko garaia izan zela, non “Zentro desberdinak ahalik eta espazio handiena lortzen saiatzen ziren.” Insitituzioekin landu ziren harremanei esker, AZTERLANen lana aitortzen hasi zen.

Lehen lorpena Ministerioak AZTERLANen berrikuntza-jarduera “Proiektu” formatuan aitortzea izan zen; handik gutxira, 1997an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Plana aurkeztu zuen eta I+G jarduerarako laguntza neurriak ezarri zituen, eta AZTERLANek ere horietara sarbidea izan zuen, sortu berri zen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuz. Bultzada horiek, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako babesarekin batera, AZTERLANi aukera eman zioten Europako Teknologia Transferentziarako Sarean (ETTN) tokia egiteko, Batzordeak sustatuta (1998).

Pedrok azken mugarri horren garrantzia azpimarratzen du: “ETTNren helburua ezagutzak eta aurrerapen teknologikoak arrakasta industrial eta komertzial bihurtzea da, ikerketa-institutuen, berrikuntza-zentroen eta zentro teknologikoen integrazio eta lankidetzaren bidez. AZTERLANentzat, metalurgian eta eraldaketa-prozesuetan zentratutako eragile teknologiko gisa ikusgarritasuna eta aitortza lortzea ekarri zuen, eta horrek lankidetza bide garrantzitsuak ireki zizkigun, bai enpresekin, bai nazioarteko mailako beste eragile zientifiko-teknologiko batzuekin.”

Transferentzia-jarduerak industriari egiten zion ekarpena frogatzen hainbat urtez lan egin ondoren, 2011n AZTERLAN Sektore Anitzeko Zentro Teknologiko gisa aitortu zuen Espainiako Gobernuko Berrikuntza Ministerioak.

Aldi berean, Zentroaren ikerketa-jarduerak pixkanaka hazten jarraitu zuen, eta ikerkuntza lana material berrietara eta ikerketa-ildo berrietara irekitzen joan zen. Hala ere, bere ibilbide osoan zehar, AZTERLANek espezializazio metalurgikoari eta industria-ehunari etengabe balioa emateko konpromisoari leial eutsi dio.

Jose Mª Murua

José Mª Murua

Zerbitzu Teknologikoen zuzendaria
Bezeroarekiko orientazio argia eta bere izaeran bertan daraman “ar” komertzialarekin, José Mªrentzat AZTERLANen arrakastaren gakoak izan dira “une bakoitzean enpresen beharrak entzuten jakitea eta haien arazoekin laguntzeko tekla egokiak jotzen ikastea.” José Mªk Maristen Instituzioaren babesa ere azpimarratzen du, “hazteko eta apustu garrantzitsuak egiteko aukerak ikusten genituenean AZTERLAN proiektua babestu baitu.”

Ramón Suárez

B+G+i zuzendaria
Ramónekin lan egin dutenek bat egiten dute baieztapen batean: berrikuntzari buruzko bere ikuspegia beti egon dela aplikazio industrialera bideratuta. Bere ustez, “ ezagutzak (ezagutza berriak) enetako hobekuntzetan bihurtzen denean baino ez du zentzua.” Ezagutzaren eta teknologiaren abangoardian mantentzea eta enpresen benetako erronkei erantzutea dira, bere iritziz, balioa ematen jarraitzeko giltzak eta AZTERLANen garapenaren oinarriak.

José Mª Murua izan da AZTERLANen garapen komertzialaren eta bezeroen garapenaren arduradun nagusietako bat. Enpresa pribatuan ibilbidea egin ondoren, zehazki mekanizazioaren industrian, 1993an sartu zen AZTERLANen. Bere espezializazio industrialaren esparrutik, AZTERLANen garapen komertzialerako funtsezkoa izango zen elementu bat ekarri zuen: materialen eta saiakuntza-probeten mekanizazioa Laborategiak eskaintzen zituen karakterizazio eta ziurtapen lanen zerbitzura txertatzea.

Lan-ildo berri hori, AZTERLANek garai hartan soldaduraren esparruan zituen gaitasunekin batera eta, geroago, sektore eolikoaren gorakadarekin, José Mªren ustez, “momentu hartako AZTERLANen hazkundea markatu zuen lantza-punta nagusia” izan zen.

“Giltza-eskuan” erako pakete horren hastapenak, hau da, probeten prestaketa barne hartzen zuten analisi-zerbitzuak, ez ziren lanik eta borondatezkorik gabeak izan. Lehen lanak Ikastetxeko ekipoekin egiten ziren, partekatutako tornu eta fresagailuekin, eta pixkanaka ekipamendu propio berriekin indartu ziren. Jose Mªk gogoratzen duenez, “asteburuetan tailerrera jaisten nintzen laginen prestaketa aurreratzeko eta prozesuak martxan uzteko, aste barruan azken mekanizazioa eta analisi-lanak egin ahal izateko.” AZTERLANen sorrera eta garapena bultzatu zuten beste alderdi askotan bezala, “bilakaera bezero baten beharrari erantzuteko sortu zen; astero lan-bolumen jakin bat bermatzen zigun, eta arintasuna irabazi behar genuen maila berean egoteko.” Lan-sistema berri horrekin, bezeroek beren piezak AZTERLANera ekarri besterik ez zuten egin behar; AZTERLAN arduratzen zen erreferentzia-arauak interpretatzeaz, probetak ateratzeaz eta laginak saiakuntzaz aztertzeaz, ondorengo emaitzen baloraziorako. Ikuspegi berritzaile horrek azkartasunaz gain, konfiantza eta fideltasuna irabaztea  suposatu zuen.

1994an ENACek UNE-EN ISO 17025 arauaren arabera emandako akreditazioak (saiakuntza- eta kalibrazio-laborategietan gaitasun tekniko eta kudeaketa-gaitasunerako baldintza orokorrak definitzen dituen nazioarteko estandarra) apustu hori indartu baino ez zuen egin, eta AZTERLANen gaitasunak eta azpiegiturak hobetzeko beharra sendotu zuen. Hedapen horren lehen isla Ikastetxeko esparruan instalazioak handitzea izan zen (1995), eta handik gutxira Iurretako kanpoaldeko bigarren instalazioetara hedatzea (1998), non tailerraren azpiegitura sendotu eta handitu ahal izan zen.

Prozesu horretan zehar, José Mªren papera zuzendari tekniko-komertzialarena bihurtzen joan zen: gaitasunak aurkeztea eta garatzea, bezeroekin eta hornitzaileekin negoziatzea… beti ezagutza teknikoa, lidergo-gaitasuna eta, garai hartan, “intuizio pixka bat” uztartuz; erakundearen barruan funtsezko figura baten sendotze-prozesua izan zen, Zerbitzu Teknologikoen Zuzendaria, bezeroarekiko orientazio nabarmena eta barne-prozesuen antolakuntzaren ardura duena.

Bestela izan ezin zenez, gaitasunen eta instalazioen handitzeak lotura estua izan du AZTERLANen plantillaren hazkundearekin, bere gaitasun tekniko eta analitikoekin eta bere ezagutza adituarekin. Saiakuntza mekaniko, kimiko eta metalografikoei laster gehitu zitzaizkien saiakuntza ez-suntsitzaileak, “neurri handi batean sektore eolikoak bultzatuta, 2000. urtearen inguruan gure merkatuan garrantzi handia zuena.” Geroago, korrosioaren eta materialen babesaren arloa sortu zen, ingurune oldarkorragoetan material eta osagai metalikoekin lan egiten duten industrientzat analisi-esparru giltzarri gisa.

AZTERLANen etorkizuneko ibilbidea irudikatzean, José Mªk azpimarratzen du beharrezkoa dela “bezeroaren beharrak entzuteko gaitasuna aktibo mantentzea eta prozesu sendoak garatzen jarraitzea; beti ere, prozesu horiek AZTERLAN Proiektuaren ikuspegi partekatu batean oinarrituta egon behar dutelarik, taldekidee beren bezala senti dezaten.”

Ramón Suárez Frantziako galdaketa bateko zuzendaria zen Julián Izagak eta Pedro Intxaustik AZTERLAN proiektua aurkeztu ziotenean eta bertan parte hartzea proposatu ziotenean. Industria-munduan ibilbide nabarmena zuen, eta horizonte berriak irekitzeko joera pertsonala ere bai; garai hartan (1994) “laborategi txiki” bat zeneko taldean (8 laguneko plantillarekin) ilusio eta energia kutsakorra ikusi zituen, baita parte izan nahi zuen anbizio bat ere: “metalurgian eta galdaketan ezagutza garatzea, hobetu eta hazi nahi zuen industria-ingurune baten garapena zerbitzatzeko eta laguntzeko.”

Ramón lantaldera gehitzeak behar argi bati erantzuten zion: metalurgiarekin lotutako arazoak konpontzen enpresei aholku emateko gaitasuna zuen talde bat osatzea, eta optimizazio-proiektuen bidez haien lehiakortasuna hobetzea, betiere ikuspegi metalurgiko eta praktiko batetik. Julián, Pedro eta Ramón buru zituen taldeak, urte gutxiren buruan, AZTERLANen I+G taldea izango zenaren oinarriak ezarriko zituen.

AZTERLANen bilakaerako aurreko urratsen antzera, Ramónek gogoratzen du berrikuntza-arloa (orduan “Ingeniaritza”) modu progresiboan garatu zela eta beti ekoizpen-planten errealitateari oso lotuta. Taldeak tandem bat osatu zuen, jarduera-esparrua Durangotik harago zabaltzea ahalbidetu zuena, Euskal Herriko eta Estatuko beste toki batzuetan lankidetzak hasiz, eta geroago Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan. Hedapen horrekin batera mentalitate-aldaketa bat ere etorri zen: “nazioartekotzea gure helburu nagusia ez izan arren, une hartan jada bagenuen nazioarteko esparruan konplexurik gabe lehiatzeko konbikzioa.” Horrela, 2000. urtearen inguruan, Europa ere ortzimuga bihurtu zen.

Ramónen ustez, AZTERLANen hazkundean  (ezagutzan, pertsona-taldean, zifretan eta azpiegituretan islatu den hazkundea) bi alderdi giltzarri izan ziren: nazioarteko adituz osatutako laguntza-talde batez inguratzea, materialen zientziaren eta teknologiaren hainbat arlotan erreferente ziren pertsonekin, eta, batez ere, barne-proiektuen etengabeko garapena. “Hasieratik, gure ahaleginak ezagutza garatzera bideratu genituen; ezagutza hori metodologietan eta tresnetan gauzatuko zen, softwarea eta kontrol-sistemak barne, metalen eraldaketako enpresentzat zuzenean aplikagarriak.”

AZTERLANen hazkundea erakusten dutenzifrez gain, Ramónek giltzarritzat jotzen du 2000. urtean Parisen egindako Nazioarteko Kongresu batean parte hartzea ere. Ez zen taldearentzat mota horretako lehen parte-hartzea, baina jarduera zientifikoari bultzada eman zion. Pixkanaka, dibulgazio zientifikoa indartzen joan zen, metalurgiako ezagutza aditua mundu akademiko, zientifiko eta industrialarekin garatzeko eta partekatzeko bide gisa. Nazioarteko sareetan gero eta presentzia handiagoak 2004an WFO sarean sartzea ekarri zuen (gaur egun arte AZTERLANentzat garrantzi handikoa izan den ingurunea), eta ondoren, 2011n, sektore anitzeko zentro teknologiko gisa ziurtatzea.

Ezagutza-esparru berriak etengabe irekiz, “metalurgian eta metalen eraldaketa-prozesuetan gure espezializazio-esparruari eutsi izana izan da Zentro Teknologiko gisa gure sendotzearen eta arrakastaren faktore nagusietako bat.” Esparru horren barruan, hasieran burdinurtutik eta forjatik abiatuta, eta pixkanaka material eta fabrikazio-prozesu berrietara hedatuz, I+G taldearen jarduera metal-mekanika industriaren bilakaerara eta beharretara egokitzen jarraitu da.

Marta González

Metalurgia analisian eta zerbitzuan gertatzen diren hutsegiteen diagnostiko eta azterketan aditua

Industriaren erritmoan ikasi, eboluzionatu eta haztea

1990ean AZTERLANera batu zenetik, bere ibilbide profesionala etengabeko ikaskuntzak, egokitzapen teknologikoak eta industriarekin harreman zuzenak markatu dute. Kimika Zientzietan lizentziaduna, AZTERLANen aurkitu zuen zorroztasun zientifikoaren eta ezagutzaren aplikazio praktikoaren arteko oreka.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, bere ibilbidea aldaketa teknologiko eta sozial sakonak bizi izan dituen sektore baten bilakaeraren isla ere bada; eta bera da arlo zientifiko eta teknikoan emakumeek duten leku garrantzitsua ikusarazten duten “erreferente” horietako bat. 

Kimika Zientzietan (Kimika Fisikoan espezialitatea) lizentziatura amaitu ondoren, Martak unibertsitateari lotuta irudikatzen zuen bere etorkizun hurbila. Doktoregoko ikastaroak egin zituen eta baita arlo akademikoan jarraipena bermatzen zioten bekak lortu ere. Hala ere, 1990ean AZTERLANen sartzeko aukera sortu zitzaion. «Lan-eskaintza INEMen bidez iritsi zitzaidan eta, nahiz eta ez nintzen aktiboki bilatzen ari, nire irrika pertsonalekin lerrokatuago zegoen eta zerbait desberdina eskaintzen zidan ingurune baten alde egitea erabaki nuen: ezagutza zientifikoa errealitate praktikoan aplikatzea, kasu honetan metalaren industriari estuki lotutako jarduera batean».

Garai hartan, bere materialen karakterizazio mekanikoko arloa indartzeko beharrari erantzuteko helburuarekin hasi zen AZTERLANen, extensometriadun luzapen-saiakuntzetarako makina berri bat martxan jartzeko, zehazki. Hortik aurrera, metalurgiarekin lotutako hainbat arlotan ikaskuntza prozesu bizia hasi zen. «Pixkanaka, metalografiako arloan laguntzen hasi nintzen, eta horrek ezagutza berriak garatzeko aukera eman zidan». Zentroak berak bizi izan zuen gaitasun eta pertsonen hazkundearekin batera, Marta arlo horretan espezializatzen joan zen. «AZTERLANen metalografia sailaren lanak berezitasun bat du: analisi-prozesu osoa integratzen du, hau da, lagin, material edo pieza bati egiten zaizkion karakterizazio lanen interpretazio bateratua egiten dugu». Era berean, bere espezializazioa altzairuen arloan zehaztu zen. Gainera, «analisi-lan horri geruza berriak gehitzen zaizkio», hala nola zerbitzuan gertatutako hutsegiteen jatorrien analisia, akatsen karakterizazio aurreratua edota I+G proiektuak. «Une jakin batzuetan horietan guztietan parte hartzeko zortea izan dut, eta hori oso aberasgarria da, ikuspegi oso zabala ematen baitu».

Martak gogoratzen du hasieratik ikusi zuela AZTERLANek berarentzat zuen potentziala: «Sentitzen nuen nigan sinesten zutela, nire aldeko apustua egiten zutela eta hazteko aukerak ematen zizkidatela». Hala ere, oroitzen du hori ez zela emakumeen errealitate orokorra industria-ingurunean, bereziki, garai hartako krisi ekonomikoaren testuinguruan. Emakume batzuk arlo teknikoetan prestatzen baziren ere, ekoizpen-enpresetan emakumeen presentzia txikia zen (lerro hauekin batera aurkezten diren talde-argazkiek errealitate hori isladatzen dute).

Industriarekin harreman estuan igarotako urte hauetan guztietan, Marta merkatuan bizi izan den eraldaketaz jabetzen da, eta gogoratzen du duela 30 urte kargu teknikoak eta ardurazko karguak ia erabat gizonek betetzen zituztela. «Gaur egun emakumeen presentzia askoz ohikoagoa da, batez ere kalitate-arloan eta bulego teknikoetan. Ez da bat-bateko eraldaketa izan, baizik eta prestakuntzaren eta aukeretarako sarbidearen garrantzia islatzen duen prozesu gradual bat».

Kontraste gisa, azpimarratzen du AZTERLANeko taldean beti izan dela emakumeen presentzia esanguratsua. Bera sartu zenean, zortzi langiletik lau emakumeak ziren, eta bere esperientziaren arabera inoiz ez zuen sentitu bere garapen profesionala generoagatik baldintzatua izan zenik. «Bai AZTERLANen bai, aurrez, unibertsitatean, nire ezagutza eta erronka teknikoei erantzuteko gaitasuna baloratzen zirela sentitu nuen».

Era berean, ez du gogoratzen bere generoak industria-profesionalekin harreman zuzena izateko oztoporik suposatu duenik. «Enpresak AZTERLANera etortzen ziren beren arazoekin laguntzeko, eta konponbideak emateko edo, gutxienez, bideratzeko gai ginen neurrian errespetatzen gintuzten erakunde eta teknikari moduan». Halaber, bere ikaskuntza prozesuan garrantzitsutzat jotzen ditu esperientzia handiagoko lankideekin batera planta industrialetara egindako bisitak, balio handikoak izan baitziren ekoizpen-enpresen errealitatea zuzenean ezagutzeko eta bezeroekin loturak sendotzeko.

Gaur egungo gizartean emakumeen presentzia karrera eta lanbide teknikoetan oraindik baxua dela ikusita, Martaren ustez hezkuntza da gizartea eraldatzen jarraitzeko oinarria. «Etxean beti jaso nuen mezua argia zen: ikastea norberarentzako inbertsioa da, inork kendu ezin diezazukeena eta ateak irekitzen dizkizuna; eta nahi nuen arloan prestatzera animatzen ninduten. Nire kasuan, beti izan dut joera natural bat gai teknikoekiko, eta hori izan zen aukeratu nuen bidea, familiaren babes osoarekin».

Nahiz eta gaur egun —gure inguruan— inork ez duen zalantzan jartzen ez dagoela generoak baldintzatutako ezagutza-arlorik, uste du garrantzitsua dela gazteei aurrean dituzten aukera guztiak erakustea. «Adibidez, ikasle gazteek AZTERLANera (eta beste zentro eta lan-espazio batzuetara) egiten dituzten bisitek lanbide posibleak ikusarazten laguntzen dute».

Hala ere, azpimarratzen du benetako oinarria familia-hezkuntzan dagoela eta genero-rolak eta itxaropen eta eskakizunak eraldatzean, «askotan, oharkabean, oso adin goiztiarretatik gure seme-alabei transmititzen dizkiegunak».

Marta González AZTERLANen gaur egun
4.

Gure gaitasunak

AZTERLANen jarduera bi ardatz osagarriren inguruan antolatzen da: industriarako zuzenean aplikagarriak diren irtenbide berritzaileen garapena eta transferentzia, eta material eta osagai metalikoen karakterizaziorako saiakuntza eta analisi zerbitzu teknologiko aurreratuen eskaintza.

 

Ikuspegi bikoitz honetatik, AZTERLANek harreman estua mantentzen du ekoizpen-ehunarekin gero eta konplexuagoak eta zorrotzagoak diren ingurune industrialetan enpresek behar dituzten ezagutza eta fidagarritasun teknikoari erantzuteko helburuarekin.

 

Azken hamarkadetan, metalaren industriak eraldaketa nabarmena izan du. Material eta fabrikazio-prozesu berrien txertaketak, eraginkortasun, jasangarritasun eta kalitateari dagokienez gero eta eskakizun handiagoek, baita digitalizazioak eta ekoizpen-prozesuen kontrol aurreratuak ere, sektorearen maila teknologikoa nabarmen igo dute. Ingurune lehiakor eta globalizatu batean, non ezagutza eta gaitasun teknikoak abiadura handian eboluzionatzen duten, abangoardia teknologikoan mantentzea eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea da AZTERLANeko taldearen erronka nagusietako bat.

 

Gaitasun teknologiko aurreratuak, giza taldearen ezagutza teknikoa eta metalaren enpresentzako erreferentziazko aliatu teknologiko gisa finkatzeko misioari leial izatea dira gure jardueraren oinarriak. Behar puntualei erantzuteaz harago, gure eginkizuna industria etorkizuneko erronka teknologikoetarako prestatzen laguntzea eta prozesu horretan lagun egitea da.

Helburua:

Enpresentzako aliatu teknologiko onena izatea

Bere erantzukizun-eremuetatik, Susana Méndez, Garikoitz Artola eta Josean Goñi dira AZTERLANeko taldeen garapenaren eta jarduera teknikoaren buru. 

AZTERLANeko talde ezberdinen zeharkako erronka nagusia gaitasunetan aurrera egitea eta enpresei gaur egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuten laguntzeko prestatzea da.

 

Material eta prozesu gero eta konplexuagoen inguruko ezagutza aurreratua integratzea, aldi berean jasangarritasun, eraginkortasun, errendimendu eta kalitate irizpideei erantzunez, dira zentroko jarduera-arloen garapenaren bektoreak.

Susana Méndez entrevista

Dra. Susana Méndez

Galda-Teknologien zuzendaria
“Paradigma klasikoak zalantzan jartzeak aukera ematen digu gauzak egiteko modu berriak imajinatzeko”. 
“Zentro teknologikoen, unibertsitateen eta enpresen arteko osagarritasuna modu adimentsuan erabili behar dugu, ezagutza ezberdinak batuz urrunago iristeko”.
Garikoitz Artola

Dr. Garikoitz Artola

Konformazio Teknologien zuzendaria
“Ingurune aldakor batean, egonkortasunean eta laguntzan oinarritutako I+G+b sustatu nahi dugu, epe luzerako ikuspegia garatzeko”.
“Mundu mailako joerak gure industria-sarearen behar zehatzetan itzuli behar ditugu, gure eragin-eremutik modu lerrokatuan nola jardun definitzeko”.
 
Josean Goñi

Josean Goñi

Materialen zuzendaria
“Enpresen ondoan egoten eta haien arazoak ulertzen jakin dugu. Hori gure nortasunaren parte da, eta harreman-estilo propio bat garatu dugu, gure arrakastaren zati dena. Gaur egun garena lan eta ahalegin kolektibo baten emaitza da”.
“Industria etorkizuneko beharrak detektatzeko eta balioa ematen jarraitzeko gaitasun berriak azkar garatzeko gai izan behar dugu”.
5.

Pertsonak: “AZTERLAN Proiektuaren” bizkarrezurra

Gure 40. urteurrenaren ospakizuna une ezinhobea da ibilbide hau posible egin duten pertsona guztien konpromisoa eta ahalegina indarrean jartzeko eta eskertzeko: 40 urte hauetan zehar AZTERLANen funtsezko parte izan diren pertsonei. Egunero proiektu partekatu bat eraikitzeko gaitasuna duen talde profesional eta konprometitua.

 

Iraganera begiratzeaz harago, mugarri honek nor garen, nondik gatozen eta gure misioaren zergatia gogorarazten dizkigu; eta, horregatik, aurrera egiten eta etorkizunari elkarrekin begiratzen jarraitzeko erreferentzia puntua da.

 

Urte hauetan ikasitako eta bizitako guztiak etorkizunean etorriko diren erronka garrantzitsuei konfiantzaz aurre egiteko prestatzen gaitu.

“AZTERLANen etorkizuna orainetik idazten dihardugu.”

Eskerrik asko!

Lau hamarkada hauetan hainbat erronkari aurre egin diogu, aldaketa sakonak bizi izan ditugu eta une erabakigarriak igaro ditugu, industriari laguntzeko eta balioa emateko konpromiso sendoarekin. Hori guztia ezinezkoa izango zen erakundearen parte izan diren pertsona guztien ekarpena gabe.


Hasieratik egon zirenei, bidean zehar batutakoei eta gaur egun “AZTERLAN Proiektua” bultzatzen jarraitzen dugunoi: ESKERRIK ASKO!

Pertsonak azterlan
6.

Gure Jarduera

Hasieratik, AZTERLANek helburu argi eta etengabe bati eutsi dio: ezagutza metalurgikoan sakontzea, industria eta gizartearen zerbitzura jartzeko. Konpromiso horrek gidatu du gure bilakaera, lantaldearen zorroztasun zientifikoan, profesionaltasunean eta gaitasun teknologikoan oinarrituta, eta esperientzian nahiz etengabeko ikaskuntzan pausoz pauso eraikitako hazkunde egonkorra ahalbidetuz.

 

Bere ibilbidean zehar, AZTERLANen garapena oinarri sendo baten gainean eraiki da: espezializazio-eremutik abiatuta gaitasun berriak pixkanaka txertatzea, azpiegitura berriak garatzea, fidagarritasun handiko eskakizunak dituzten sektoreen beharrei erantzutea eta nazioarteko sareetan modu aktiboan parte hartzea. Sare horiek ezagutza partekatzeko, lehen mailako lankidetzak garatzeko eta metalurgiaren nahiz haren aplikazio-ingurunearen bilakaera sustatzeko gune gisa ulertzen dira. Eskuratutako gaitasun berri bakoitzak multzoa indartu du eta erronka zein aukera berrietarako ateak ireki ditu.

“Lortutako mugarri bakoitzak indar berriak ekarri ditu eta erronka zein aukera berrietarako ateak ireki ditu.”

Helburu sendo batean oinarritutako hazkunde progresiboa

AZTERLANen ibilbidea espezializazioak eta industriari eskaintzen diogun balioa handitzera bideratutako etangabeko bilakaerak markatu dute.

 

40 urte hauetan egindako ahaleginak bere fruituak eman ditu; fruitu horiek, gainera, nazioartean zein estatu mailan aitortuak dira, eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko oinarri sendoa osatzen dute.

7.

Gure espezializazioa

Hasiera-hasieratik, AZTERLANen jarduera materialaren eta prozesuaren arteko elkargunean kokatu da. Gure lana da ulertzea nola eraldaketa metalikoan gertatzen diren fenomeno fisiko eta kimikoek mikroegituraren bilakaera baldintzatzen duten eta, horren ondorioz, zer propietate eta portaera duten zerbitzuan dauden osagaiek. Materialak, prozesuak eta errendimenduak bat egiten duten espazio hori metalurgia da.

 

Azken berrogei urteetan, metalurgia diziplina zientifiko bat baino askoz gehiago izan da; prozesu industrialak interpretatzeko, diseinatzeko eta optimizatzeko tresna bihurtu da. Karakterizazio eta analisi tekniko klasikoei simulazio numerikoa, digitalizazioa eta, azken urteotan, adimen artifiziala gehitu zaizkie pixkanaka, materialen portaera modelizatzeko eta fabrikazio-prozesuen emaitza aurreikusteko gaitasuna handituz.

 

Gaur egun, ezagutza metalurgikoak, tresna prediktibo aurreratuekin batera, akatsak aurreikustea, prozesu-parametroak optimizatzea eta industria bakoitzaren erronka espezifikoetara egokitutako soluzioak garatzea ahalbidetzen du, garapen-denborak murriztuz, eraginkortasuna hobetuz eta produktuen fidagarritasuna handituz.

 

Ikuspegi berrien pean eta gero eta teknologia aurreratuagoekin, metalurgia da oraindik AZTERLANen ADN-a: ezagutza zientifikoa tresna bihurtzea, industriak material hobeak izan ditzan, prozesu sendoagoak gara ditzan eta gero eta lehiakorragoak, jasangarriagoak eta etorkizunerako prest dauden osagaiak fabrika ditzan.

“Materialak, prozesuak eta haiek aztertzeko tresnak aldatu dira, baina metalurgia da denak lotzen dituen hizkuntza”

“Edertasuna, metalurgia”

Gure eguneroko lanak metalurgiaren beste irakurketa bat ere eskaintzen digu: bere dimentsio estetikoa. Bere konplexutasun teknikoaz haratago, materialek, egiturek eta prozesuek patroiak, testurak eta geometria erakusten dituzte, eta arreta handiz behatuta, materialen ingeniaritzaren berezko edertasuna azaleratzen dute.

 

Gure jardueran zehar, gure lantalde teknikoak ohikoan hartzen ditu gure lan-esparruaren ikuspegi desberdin bat eskaintzen diguten irudiak. Atal honetan, irudi horien aukeraketa bat partekatzen dugu, non metalurgia forma, xehetasun eta edertasun-adierazpen gisa ere agertzen den.

8.

Gure sinboloak

AZTERLANen historia eta ibilbidea bere sinboloen bidez ere irakur daitezke. Gure instalazioetan zehar banatuta dauden elementu hauek gure misioarekin, gure balioekin eta gure jardunarekin lotutako kontakizuna eraikitzen laguntzen dute; ezagutzan, lankidetzan eta balioa sortzeko etengabeko konpromisoan oinarritutako historia.


Pieza bakoitzak bere formaz edo egituraz haragoko esanahia du. Bakoitzak une, lankidetza, lorpen edo ideia bat islatzen du. Batzuek Zentro Teknologikoaren jatorria gogorarazten dute; beste batzuek, berriz, ikerketa, teknologia-transferentzia, nazioarteko lankidetza edo gizartearekiko konpromisoa irudikatzen dituzte. Guztiak ere, ahalegin eta konpromiso partekatuzko lau hamarkadatan zehar eraikitako nortasunaren parte dira.

“Momentu esanguratsuen, lorpenen eta balioen isla”

“EZAGUTZA. IKERKETA. TEKNOLOGIA. GIZARTEAREKIKO KONPROMEZUAN”

AZTERLANeko eraikin nagusiko harreran dagoen horma-irudi hau Xabier Laka eta Javier Elorriaga artistek sortu zuten 2006an. Gure instalazioetara hurbiltzen diren guztiei AZTERLANen jatorria eta izateko arrazoia gogorarazten dizkie.

Industriarentzat erabilgarriak diren teknologiak sortzeko ezagutza garatzea eta, ikerketaren, berrikuntzaren eta zerbitzu teknologiko aurreratuen bidez, gizartearen zerbitzura jartzea da gure Zentro Teknologikoaren misioaren funtsa.

Elementu honek gure benetako izateko arrazoia adierazten du. Azken 40 urteotan egindako ahaleginaren sinboloa da; gure inguruneak zabal aitortutako ibilbide baten isla, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko oinarri sendoa dena.

“ARBOLA ONAK ITZAL ONA”

Gernikako Arbolaren kimu batek, «Arbola onak, itzal ona» idazkunarekin batera, AZTERLANeko lorategietan hazten jarraitzen du sustraien, ondarearen eta lan onaren sinbolo gisa.

2008an landatu zen, hogeita hamar zentimetro pasatxo baino ez zituenean. Gaur egun, AZTERLANeko eraikin nagusiaren ondoan sei metrotik gorako haritz sendoa da.

Bere hazkundeak oinarri sendoen gainean eraikitako proiektu baten bilakaera irudikatzen du: etorkizunari begira, baina sustraiak inoiz ahaztu gabe.

Esanhi honez gain, Juan José Ziarrustaren oroigarri berezia ere bada, zeina AZTERLANen historian eta Durangoko herriaren garapenean funtsezko pertsona izan zen. Lelo honek gogorarazten du arduraz, ezagutzaz, ahaleginez eta konpromisoz egindako ekintzek ondare iraunkorra uzten dutela. Printzipio hori da, gaur egun ere, AZTERLANen eguneroko jarduna gidatzen duten balioetako bat.

“BURDINAREN ARIMA”

Erliebe eskultoriko honek burdinurtuari egiten dio omenaldia. Gure inguruko industria-garapenean funtsezko materiala izan da, eta AZTERLANen ibilbide teknologikoan ere leku esanguratsua izan du. Obrak Zentro Teknologikoaren sorrera ekarri zuen tradizio metalurgikoaren eta sektorean berrikuntza bultzatzen jarraitzen duen ikerketaren arteko lotura irudikatzen du.

Obraren konposizioak burdinaren metalurgian inspiratutako forma eta testuren elkarrizketa proposatzen du: egitura metalografikoak, solidotzean gertatzen diren eraldaketak, konposizio kimikoak eta materialen zientziaren parte diren beste hainbat fenomeno. Horrela, begi-hutsez ikusi ezin daitekeen ezagutzaren edertasuna agerian uzten du.

María Jesús Cueto artista diziplina anitzekoak sortu zuen, eta Fundiciones San Antonio de Urkiola S.L. enpresak fabrikatu zuen 1995ean, lost foam galdaketa-teknologia erabiliz. Harrezkero, AZTERLANekin batera egin du bidea, Maristak Durangoko lehen instalazioetatik gaur egungo egoitzaraino, erakundearen ikur adierazgarrienetako bat bihurtuz.

Bere neurriak eta pisua zirela eta, obra lodiera desberdinetako hamabost modulutan egin zen, bakoitza 250 eta 400 kilogramo artekoa.

“VOLVO XC90 BODY-IN-WHITE”

Batz enpresak lagatako automobil-egitura hau beroan estanpatzeko teknologiaren garapenarekin eta automobilgintzan izan duen ezarpenarekin lotuta dago. AZTERLANentzat, gure jardueraren funtsa modu bisual eta argian adierazten duen elementua da: ezagutza industriaren benetako beharrei erantzuten dieten irtenbide teknologiko bihurtzea, pertsonentzat eta gizartearentzat onura ukigarriak sortuz.

Era berean, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzak berrikuntzaren motor gisa duen balioa erakusten du. Gorriz nabarmendutako piezak beroan estanpatzeko prozesu berritzaile baten bidez fabrikatu dira. Prozesu horri esker, erresistentzia mekaniko oso handiko osagaiak lortzen dira, bidaiarien espazioa babesten duen egituraren segurtasuna nabarmen handituz. Ezaugarri horiek funtsezkoak dira ibilgailuen segurtasuna eta bidaiarien babesa hobetzeko.

Interes teknikoaz harago, pieza honek AZTERLANen ikerketak egiten duen ibilbidea irudikatzen du: oinarrizko eraldaketa metalurgikoen ezagutzatik abiatuta, ezagutza hori fabrikazio industrialeko prozesuetan aplikatzeraino. Horren bidez erakusten du lankidetzan oinarritutako berrikuntza pertsonentzako hobekuntza zehatz eta ukigarri bihur daitekeela.

“ITSAS MOTOR BLOKEA”

AZTERLAN inguratzen duten lorategietan kokatutako itsasontzi motor-bloke hau Kimura Taldeak Japonian fabrikatu zuen, eta AZTERLANen hainbat saiakuntza eta analisi egin zitzaizkion. Gaur egun, Zentroaren nazioarteko proiekzioaren ikurretako bat da.

AZTERLANentzat, mundu osoko bezeroek eta lankideek gure ezagutzan, esperientzian eta gaitasun teknikoetan jartzen duten konfiantza adierazten du, elkarrekin garatzen ditugun proiektu eta lanen bidez.

Era berean, AZTERLANek bere ibilbidean zehar eraiki dituen lankidetza-, hurbiltasun- eta errespetu-harremanen isla ere bada. Harreman horiei esker, ikerketa eta teknologia-transferentzia mugak gainditzen dituen hizkuntza komun bihurtu dira, maila goreneko harreman profesional eta pertsonalak ehunduz.

“HIRU BIOLETEN MURALA”

AZTERLANeko eraikin nagusiko harreran dagoen horma-irudi hau Ignacio Sáez artistak sortu zuen 2005ean, burdinurtu esferoidalaren haustura-azal baten mikroskopia elektronikoko irudi batean oinarrituta. Irudi horretan materialaren grafito-nodulu bereizgarriak ageri dira.

Obrak, aldi berean, AZTERLAN Zentro Teknologikoaren jatorriarekin eta garapenarekin estuki lotuta dagoen Maristen Instituzioari egiten dio aipamen sinbolikoa.

Obrak lotura historiko horrekiko eta AZTERLAN bere hastapenetatik lagundu duten balio partekatuekiko esker ona adierazten du.

Tonu moreko hiru trazu ditu, Maristen espiritualtasunaren ikur diren hiru bioletak irudikatuz. Bioleta horiek apaltasuna, xumetasuna eta umiltasuna adierazten dituzte, eta gogorarazten digute ezagutzak eta aurrerapen teknologikoak balioetan oinarritzen direnean hartzen dutela beren zentzurik sakonena.

“PANOPTIKOA: ZIENTZIA, BEHATZEKO ETA ULERTZEKO TRESNA”

AZTERLANeko eraikin nagusiko harreran dagoen obra hau Xabier Laka eta Javier Elorriagak sortu zuten. Geometria sinpleko objektu bat, hemisferio bat, behaketarako eta hausnarketarako espazio bihurtzen du. Altzairu herdoilgaitz leunduz egindako gainazal ganbilak inguruko espazioa irudi panoramiko eta etengabe aldakor batean islatzen du, ingurunearen ikuspegi ugari irudi bakarrean bateratuz.

Pieza hau ikerketa zientifikoaren metafora da. Ispiluak errealitatearen ikuspegi zabalagoa eskaintzen duen bezala, zientziak ere agerikotik harago begiratzeko, fenomeno konplexuak interpretatzeko eta ikuspegi partzial batek ezkutuan uzten dituen loturak aurkitzeko aukera ematen digu. AZTERLANen, behatzeko, aztertzeko eta ulertzeko gaitasun hori da ezagutza sortzeko, teknologia garatzeko eta industriarentzat irtenbide berritzaileak eskaintzeko abiapuntua.

Zientziak errealitatea ikusteko dugun modua aldatzen du, eta, horren bidez, hura eraldatzeko dugun gaitasuna ere bai.

9.

Ezagutza aurreratua
industriari eta gizarteari balioa emanez

Metalurgian dugun espezializazio-maila handian oinarrituta, AZTERLANen ekimen oro ideia berriak sortzeko, berrikuntza bultzatzeko eta industriaren zein gizartearen aurrerapenean aktiboki laguntzeko aukera bat da. Era berean, elkarlaneko lan-dinamikek garapen berriak inspiratzen dituzte eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko oinarriak ezartzen dituzte. Ezagutzak bere benetako zentzua lortzen du balioa sortzen duenean eta industriarentzat zein gizartearentzat baliabide erabilgarri bihurtzen denean.

 

Sinesmen horrekin, lau hamarkada hauetan zehar AZTERLANek lankidetza-sare zabala ehundu du mundu osoko enpresa, unibertsitate, teknologia-zentro eta erakundeekin. Nazioarteko proiektuetan, kongresuetan, azoketan, workshopetan eta bestelako foro teknikoetan parte hartzeak aukera ematen digu garapen berriak partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta metalurgiaren zein materialen zientziaren aurrerapenean aktiboki laguntzeko.

 

Ezagutza partekatzeko bokazioa urtero gauzatzen da hainbat lan tekniko, komunikazio zientifiko, artikulu espezializatu, patente eta nazioarteko erreferentziazko topaketetan parte hartzearen bidez. Bertan, AZTERLANeko adituek beren lanaren emaitzak aurkezten dituzte, eztabaida zientifikoari eta metalaren eraldaketa-industriaren garapenari ekarpena eginez.

“Ezagutza garatzea eta aktiboki zabaltzea Zentro Teknologiko modura dugun misioaren parte da. Partekatutako ezagutza bidea eta helmuga da aldi berean”

Zabalkunde irekia

AZTERLAN KNOWLEDGE HUB

AZTERLANeko lantaldeak sortutako ezagutza ikerketa proiektu, argitalpen zientifiko, hitzaldi, artikulu tekniko, dibulgazio eduki eta sektorearen aurrerapenari laguntzen dioten garapen teknologikoetan islatzen da.

 

Emaitza horien zati handi bat AZTERLAN Knowledge Hub-en dago eskuragarri, AZTERLANeko kideek garatutako argitalpen, baliabide tekniko, arrakasta-kasu eta eduki espezializatuak biltzen dituen gunean. Materialei, prozesuei eta teknologiei buruzko informazio eguneratua eskuratzeko aukera ematen duen biltegi bizi bat da, gai horietan sakondu nahi dutenentzat.

10.

Garapen eta ikuspegi berriak

Berrogei urteko ibilbideak erakutsi digu garapena eta bilakaera ez direla inoiz gelditzen. Ezinbestekoak dira etengabe eraldatzen ari den industria eta gizarte batera egokitzeko, baita oraindik etortzeko dauden erronkei aurrea hartzeko ere. Lortutako mugarri bakoitzak galdera eta aukera berriak irekitzen ditu; garatutako teknologia bakoitzak jarduteko bide berriak planteatzen ditu. Ezagutza sortzeko eta industriarentzat baliagarriak diren konponbide bihurtzeko gaitasuna AZTERLANen nortasunaren parte izan da sorreratik bertatik.

 

Gaur ere etorkizunari begira jarraitzen dugu. Gure taldeak biharko AZTERLAN eraikitzen jarraitzen du, gaitasunak zabalduz, teknologia eta zerbitzu berriak garatuz eta balioa sortzeko modu berriak aztertuz, betiere enpresekin lankidetza estuan eta industriaren benetako beharrei erantzunez.

 

Zertan ari gara lanean gaur egun?

Gure sail-arduradunek gaur egungo jardueraren gako nagusietako batzuk partekatzen dituzte, etorkizuneko estrategia eta ezagutza-esparruak definitzen lagunduko dutenak.

“Gaitasunak zabaltzen eta teknologia eta zerbitzu berriak garatzen.”

Urko Uribe

Urko Uribe

Saiakuntza Mekanikoak

Konplexutasun tekniko handiagoko entseguak txertatzera eta balio erantsi gehiagodun akreditazioak lortzera bideratuta gaude, gure zerbitzua indartzeko eta hegazkingintza edota nuklearra bezalako industrietako bezeroei eskaintzen diegun balioa handitzeko. Horretarako, gure ENAC akreditazioaren irismena zabaltzen ari gara neke-entseguen, pitzadura-hazkundearen eta tenperatura oso altuko entseguen (+950 °C) arloetan, besteak beste. Gure helburua esparru horietan erreferentziazko laborategi gisa finkatzea da. Uste dugu espezializazio hori funtsezkoa dela gero eta zorrotzagoak diren sektoreen beharrei erantzuteko eta ezagutzan, fidagarritasunean eta gaitasun teknikoan oinarritutako posizio lehiakorra mantentzeko.


Gure erronka nagusia eraldatzen ari den industria-testuinguru bati aurrea hartzea da. Gure jarduera tradizionalki sostengatu duten sektoreetako batzuk ziurgabetasun-garaiak bizitzen ari diren bitartean, beste batzuek gero eta gehiago eskatzen dituzte analisi-soluzio aurreratuak. Gure zerbitzu-eskaintzaren bilakaera honek aukera ematen digu gure ohiko bezeroei laguntzen jarraitzeko eta, aldi berean, aeronautika, espazioa, defentsa edo energia bezalako hazkunde-sektoreetan dugun presentzia indartzeko.


Bide honetan badaude arreta berezia eskatzen duten beste alderdi giltzarri batzuk ere. Horien artean aurkitzen dira bai taldearen baitako belaunaldi-erreleboa, gure ibilbidean zehar metatutako ezagutzaren transferentzia eta mantentzea bermatzeko egoki bideratu beharko duguna, bai barne-prozesuen digitalizazioan eta automatizazioan aurrera egitea, eraginkortasuna eta erantzuteko gaitasuna hobetzen jarraitzeko.

Josean Goñi AZTERLAN

Josean Goñi

Metalografia

Hamarkadetan zehar, material eta prozesu metalurgiko tradizionalei buruzko ezagutza-oinarri sendoa eraiki dugu, bereziki galdaketa eta ohiko erabilerako altzairuen arloetan, non erreferente izatera iritsi garen. Hala ere, gure bezeroak gero eta eskakizun handiagoko sektoreetara, hala nola aeronautikara, petrokimikara edo energiaren sektorera, egiten ari diren bilakaerak aleazio-maila handiko materialekin eta metalurgia konplexuagoarekin gero eta gehiago lan egitera bideratu gaitu. Material mota horien analisia dagoeneko gure eguneroko jardueraren parte da, eta gure ezagutza zein lan-metodologien etengabeko bilakaera sustatzen ari da.

 

Gure lehentasuna erronka berri horiei behar besteko sendotasunez erantzuteko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen jarraitzea da. Prestaketa- eta analisi-teknika berriak txertatzeaz** harago, prozedurei, trazabilitateari eta kualifikazioari dagokienez gero eta eskakizun handiagoetara egokitzen ari gara, fidagarritasuna eta erreproduzigarritasuna funtsezkoak diren sektoreen eskaerekin bat eginez. Bilakaera naturala da, eta gure esperientzia metalografikoa gero eta konplexuagoak diren ingurune teknologikoetara eramatea ahalbidetuko digu, gure lana beti ezaugarritu duten zorroztasuna eta interpretazio-gaitasuna galdu gabe.

 

Historikoki egin izan dugun bezala, gure garapenak bezeroen beharrei eta planteatzen dizkiguten erronkei lotuta jarraituko du estu-estu. Aldi berean, datozen urteetarako erronka nagusietako bat izango da gure ibilbidean zehar metatutako ezagutzaren transferentzia bermatzea eta material eta aplikazio berri horietan dugun esperientzia sendotzea. Horrez gain, pertsona-talde sendo eta orekatua garatzen jarraitu behar dugu, profesional beteranoenen esperientzia eta analista gazteagoena uztartuko dituena, arloaren gaitasunen jarraitutasuna, espezializazioa eta hazkundea bermatzeko.

Ibai Gallastegi AZTERLAN

Ibai Gallastegi

Korrosioa eta Materialen Babesa

Oil & Gas, energia eta aeronautika bezalako sektoreen eskakizun gero eta handiagoak korrosioarekiko erresistentziari eta materialen kalitate-bermeari lotutako betekizunen maila areagotzen ari dira. Gure lehentasuna da eskari horri erantzuten jarraitzea gero eta aurreratuagoak diren entsegu-gaitasunen bidez, eta gure bezeroei laguntzea gero eta zorrotzagoak diren zerbitzu-baldintzetarako materialen balidazio- eta optimizazio-prozesuetan.


Korrosioarekiko erresistenteak diren aleazioen eta altzairu herdoilgaitzen ziurtapenerako ISO/ILAC arauen araberako irismen akreditatu zabala dugu, etorkizunean ere garatzen jarraitu nahi dugun oinarri sendoa. Gure helburua da gure gaitasun teknikoak hedatzen jarraitzea eta balio-proposamen bereizgarri bat sendotzea, ezagutza metalurgikoa, zerbitzuan duten portaeraren esperientzia eta gaitasun esperimental aurreratuak uztartuz. Horren adibide da egin berri dugun korrosio ziklikoko ganbera berri baten instalazioa; ekipo horrek gure gaitasunak osatzen ditu, automobilgintzako fabrikatzaileen eskakizun zorrotzenak betetzea ahalbidetzen digu eta gero eta errealistagoak diren zerbitzu-baldintzak erreproduzitzeko dugun ahalmena indartzen du.


Datozen urteetan gure gaitasunak indartzen jarraituko dugu gero eta konplexuagoak diren entseguei aurre egiteko, bereziki hidrogenoaren bidezko hauskortasunarekin eta Oil & Gas sektorearen eskakizun aurreratuekin lotutako esparruetan. Horrek guztiak urte hauetan guztiotan zehar metatutako esperientzia ezagutza eta ikuspegi berriekin uztartzeko gai den diziplina anitzeko talde bat sendotzea ekarriko du, gure gaitasunen jarraitutasuna, ezagutzaren transferentzia eta bezeroen beharrei emandako erantzun gero eta osoagoa bermatuz.

Carmelo Santamarina

Carmelo Santamarina

Saiakuntza Ez Suntsitzaileak

Balio erantsi eta bereizgarria eskaintzeko aukera ematen diguten gaitasun espezializatu eta akreditatuak indartzen jarraitzen dugu. Helburua gaitasun teknikoan eta emaitzen fidagarritasunean oinarritutako zerbitzu-eskaintza sendotzea da, eta, aldi berean, gure akreditazioak progresiboki zabaltzea ezagutza espezializatua eskatzen duten esparruetan dugun posizioa indartzeko.


Gure inguruko industrian, non sektore eta prozesu tradizional batzuk jarduera jaisten ari diren, soldadurak aukera bat eskaintzen du gure SES jarduera sendotu eta hazteko. Pixkanaka, ikuskapen bisuala, partikula magnetikoen bidezko saiakuntzak eta ultrasoinuak (egun akreditazio-prozesuan) barne hartzen dituen eskaintza akreditatu bat garatu dugu. Orain, helburua eskaintza hori zabaltzen jarraitzea da, soldatutako loturetan eskaintza espezializatu eta integrala garatzeko, AZTERLANek prozeduren eta soldatzaileen kalifikazioan, ikuskapenean, saiakuntzetan, karakterizazioan eta akatsen analisian dituen gaitasun osagarriak aprobetxatuz.


Gure aktibo nagusietako bat gure taldea da, saiakuntza-teknika desberdinetan esperientzia handia metatu duena eta gaitasun berriak garatzeko oinarri sendoa eskaintzen duena. Horri gehitzen zaio AEND bezalako foroetan dugun parte-hartzea; horri esker, saiakuntza ez-suntsitzaileen bilakaera teknologikoarekin konektatuta mantentzen gara, ezagutza partekatzen dugu eta teknika berriak nahiz merkatuaren beharrak zuzenean ezagutzen ditugu, diziplinaren etorkizuneko bilakaerari aurrea hartuz.

David Lopez

David López

Saiakuntza Kimikoak

Teknologia-eskakizun handiko sektoreen bilakaerak, hala nola sektore aeronautikoarenak, behar berriak sortzen ditu entsegu kimikoen arloan. Fidagarritasuna, segurtasuna eta kalitatea funtsezkoak diren aplikazioetan, materialen karakterizazioak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du, eta gero eta zehaztasun analitiko, sentikortasun eta trazabilitate-maila handiagoak eskatzen ditu. Testuinguru honetan, laborategiaren gaitasunen akreditazioek eta kanpo-aitorpenek garrantzi estrategikoa hartzen dute.

 

Gure analisi-gaitasunak indartzen jarraitzen dugu teknika eta ekipamendu berriak txertatuz, baita gero eta eskakizun zorrotzagoetara egokitutako metodologia eta prozedurak garatuz ere. Helburua da duela urte gutxi arte gure ohiko jarduera-esparrutik kanpo zeuden entsegu eta zehaztapenak lantzea.


Bilakaera hau gure ENAC akreditazioaren irismena indartu eta zabaltzera eta, analisi jakin batzuetarako, NADCAP bezalako nazioarteko erreferentziazko akreditazioetara aurrera egitera bideratutako estrategia batean oinarritzen da. Horrekin batera, datozen urteetako gure bilakaeraren alderdi garrantzitsuenetako bat izango da, belaunaldi-erreleboaren testuinguruan, ezagutza lantalde teknikoaren barruan sendotzea. Etorkizuneko industriak planteatuko dituen erronkei berme osoz aurre egiteko funtsezko faktorea da.

Francisco García

Fran García

Saiakuntza Laginak Prestatzeko Tailerra

Tailerraren gaitasunak indartzen jarraitzen dugu ekipo, tresneria eta baliabide digital berriak txertatuz, AZTERLANeko laborategi eta arlo teknologikoen beharrei arinago erantzuteko. Gure helburua gero eta lan-ingurune eraginkorrago eta trazagarriagoa eraikitzea da, material, saiakuntza eta eskakizun tekniko gero eta anitzagoak kudeatzeko gai izango dena, bezeroei zor diegun kalitate-mailari eutsiz.


Gure helburu nagusia eraginkortasun operatiboa hobetzen jarraitzea da, prozesuen estandarizazioaren, eragiketen sinplifikazioaren, zeregin errepikakorren automatizazioaren eta azken emaitzari baliorik ematen ez dioten jardueren murrizketa edo ezabaketaren bidez. Ekimen horiek guztiek helburu bera dute: prestaketa-denborak murriztea, alferrikako eragiketak minimizatzea, tresnen eta baliabideen erabilera optimizatzea eta zerbitzuaren lehiakortasun globala hobetzea. Tresnen, kontsumigarrien eta energiaren kostuaren igoerak ere norabide horretan hobetzen jarraitzera behartzen gaitu.


Etengabeko hobekuntza-prozesu horri lotutako funtsezko alderdi bat barne-ezagutza indartzea da. Saiakuntzetarako laginak prestatzea oso jarduera espezializatua da, esperientzia, irizpide teknikoa eta prozesuaren ikuspegi globala eskatzen dituena. Horregatik, taldearen prestakuntza eta balioaniztasuna indartzearen aldeko apustua mantenduko dugu, eta ezagutzaren transferentzia erraztu eta emaitza homogeneoak bermatuko dituzten lan-metodologia gero eta sistematikoagoak garatzen jarraituko dugu.

Maier Arejolaleiba

Maider Arejolaleiba

Kalitatea

Gure kalitate-sistema osatzen duten akreditazio eta homologazioak analisi eta karakterizazio jardueretan metatutako esperientzia zabalaren emaitza dira, baita gure gaitasunak gero eta zorrotzagoak diren industria-sektoreen eskakizunetara egokitzeko egin dugun etengabeko apustuaren ondorio ere. Gaur egun, AZTERLANek ISO/IEC 17025 arauaren arabera estatu mailako industria-sektorean entseguen irismen akreditatu zabalenenetako bat du.


Gure zerbitzu akreditatuen irismena modu selektiboan zabaltzen jarraitzen dugu, eta, aldi berean, bezero-homologazio berriak lortzen ari gara eskakizun handiko sektoreetan, hala nola hegazkingintza sektorean. Bilakaera progresibo horren helburua gaitasun berriak modu ordenatuan txertatzea da, horien integrazioa eta sendotzea gure sistemaren barruan bermatuz eta enpresei eskaintzen diegun balioa indartuz.


Gure helburua industria-prozesuen eta merkatuen eskakizunen erritmo berean eboluzionatzeko gai den kalitate-sistema eta zerbitzu-eskaintza izatea da, betiere zorroztasun teknikoa eta kalitate-estandar gorenak bermatuz.

Aitor Loizaga

Aitor Loizaga

Burdin-Galda Teknologiak

Galdaketa-sektoreak eraldaketa sakon baten beharra du, lehengaien eta energiaren erabilgarritasunari eta kostuei lotutako faktoreek nahiz merkatu globaleko lehiakortasunak bultzatuta. Aldi berean, 4.0 Industriari lotutako teknologiak indarra hartzen ari dira, baina haien promesak askotan zailak dira praktikan gauzatzen. Gure apustua ezagutza metalurgikoa adimen artifiziala, sistema adituak eta eredu prediktiboak bezalako tresna aurreratuekin integratzea da, prozesuen kontrola eta eraginkortasuna hobetuko dituzten industria-soluzioak garatuz, kontsumoak eta baliorik gehitzen ez duten jarduerak minimizatuz eta gure bezeroentzako material eta teknologia berrien garapena bizkortuz.


Tokiko eremutik kanpo, eta Europatik kanpo ere, jardutea gure jarduera-ildoaren garapenerako behar estrategiko bihurtu da. Industriaren bilakaerak eta sektorearen kontzentrazio progresiboak nazioarteko merkatuetan gure presentzia handitzera behartzen gaituzte, batez ere, irismen teknologiko handiagoko proiektuetan parte hartu nahi badugu. Gure ibilbidearen zati handi bat urteetan zehar OEMekin eta sektoreko fabrikatzaile liderrekin eraikitako konfiantza-harremanetan oinarritzen da; haiek gure gaitasunen balioztatzaile dira eta, askotan, nazioarteko bezero eta proiektu berrietarako sarbide-bide ere bai. Datozen urteetan harreman horiek sendotzen eta erreferentziazko industria-ekosistema nagusietan gure presentzia zabaltzen jarraituko dugu. Aldi berean, lankidetza estua mantentzen dugu gure inguruko gadategiekin, izan ere, funtsezko bazkideak dira soluzio teknologiko berrien garapenean, balidazioan eta industrializazioan. Gure nahia da enpresa horiek beren eraldaketa teknologikoan aurrera egiten jarraitzea eta dagozkien merkatuetan lidergo- eta erreferentzia-posizioak sendotzea.


Gure ikuspegia ikerketa aplikatua, garapen teknologikoa eta industria-transferentzia uztartzen dituen balio-proposamena indartzen jarraitzea da. Gure gaitasunak zabaltzen jarraitu nahi dugu, bezeroei garapenaren lehen faseetatik bertatik laguntzeko. Simulazioaren, galdaketarako diseinuaren, prototipazioaren eta balidazio esperimentalaren konbinazioak osagai eta fabrikazio-prozesu berrien optimizazioan gero eta modu aktiboagoan parte hartzeko aukera emango digu, garapen-denborak murriztuz eta industrializazioa bizkortuz.

Asier Bakedano

Dr. Asier Bakedano

Material Arinak

Inoiz baino gehiago, material arinez fabrikatutako osagaiek errendimendu-eskakizun handiagoei egin behar diete aurre, eta gero eta funtzio kritikoagoak betetzen dituzte mota askotako egituretan, aldi berean industria-deskarbonizazioarekin eta lehengaien hornidurarekin lotutako erronkei erantzun behar dietelarik. Horrek materialaren eta fabrikazio-prozesuaren ezagutzan eta kontrolean sakontzen jarraitzea eskatzen du, metalak osagaiak modu fidagarri eta seguruan fabrikatzeko beharrezko ezaugarriak dituela bermatuz eta fabrikazio-baldintzek haren osotasunean eta azken prestazioetan duten eragina ulertuz, prozesua eta produktua bere osotasunean optimizatzeko.


Testuinguru honetan, hiru esparru nagusitan lan egiten dugu. Batetik, metalaren kalitate-kontrola lantzen dugu, material birziklatuen eta bigarren mailako materialen erabilera handiagoa ahalbidetzeko, segurtasuna edo prestazioak arriskuan jarri gabe. Horrekin batera, fabrikazio-baldintzen optimizazioarekin lotutako berrikutzak garatzen ditugu, hala nola, huts-sistema berrien eta kudeaketa termikoko estrategien bidez, akatsak murriztu eta osagaien propietateak hobetzeko. Azkenik, prozesu-kontrolerako sistema aurreratuak eta biki digitalak garatzen ditugu, prozesuko eta moldeko puntu kritikoen sentsorizazioan eta monitorizazioan oinarrituta.


Gure estrategia materialaren, prozesuaren eta fabrikazioan sortutako datuen ezagutza integratzean datza, osagaiaren prestazioak nola eraikitzen diren hobeto ulertzeko. Industria-enpresekin gertutik lan egiten dugu, haien helburuekin lerrokatuta, erronka zehatzei hasierako faseetatik batera aurre eginez eta sortutako ezagutza benetako fabrikazio-baldintzetan kontrastatuz. Helburua prozesu aurreikusgarriago eta kontrolatuagoetara aurrera egitea eta ezagutzaren transferentzia aplikazio eta irtenbide berrietara bizkortzea da.

Garikoitz Artola

Dr. Garikoitz Artola

Konformazio Teknologiak

Inpaktu handiko industria-arazo konplexuei irtenbidea emateko teknologia emergenteak integratzeko filosofiari jarraituz, askotariko esparruetan lanear ari gara. Garapen-potentzial handiena duten jarduera-ildoetako bat tresna digital aurreratuen aplikazioan oinarritzen da, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa barne, diseinu-, simulazio- eta optimizazio-arazoei aurre egiteko, garapen-epeak murriztu eta konformazio-tresna berrien industrializazioa bizkortzeko.


Era berean, fabrikazio eta kudeaketa termikoko soluzio aurreratuak garatzen dihardugu, konformazio-teknologiak, solidifikazio kontrolatua, fabrikazio gehigarria eta metal-hautsen prozesamendua uztartuz. Testuinguru horretan, solidifikazio azkarreko eta prozesuaren kontrol termikoko kontzeptu berriak garatzen ari gara, errendimendu handiagoko materialak eta fabrikazio-prozesu eraginkorragoak lortzeko. Gaitasun horiei esker, gainera, geometria konplexuak eta balio erantsi handiko soluzio funtzionalak garatu ditzakegu, hala nola errendimendu handiko bero-trukagailuak. Jarduera-ildo horien artean nabarmentzekoa da hozte-teknologia aurreratu propio baten garapena, gaur egun jabetza intelektualaren babes-prozesuan dagoena, belaunaldi berriko industria- eta energia-aplikazioetan bero-transferentziarako gaitasuna maximizatzeko diseinatua.


Gure ardatz estrategikoetako beste bat trantsizio energetikorako materialekin lotuta dago. Esparru honetan, hidrogenoarekin kontaktuan dauden materialen portaera aztertzen dugu, baita muturreko tenperaturetako eta aplikazio kriogenikoetarako saiakuntza-gaitasun esperimentalak garatzen ere. Helburua etorkizuneko energia-sistemetan modu seguru eta fidagarrian jarduteko gai izango diren material eta osagaien diseinuan laguntzea da.


Era berean, materialen eta prozesuen monitorizazio-, ikuskapen- eta karakterizazio-teknologia aurreratuak garatzen ditugu, osagaien barne-osotasuna ebaluatzeko eta materialen portaeraren jarraipena egiteko sistema berriak barne, fabrikazioan zein zerbitzuan zehar. Halaber, gainazal-ingeniaritzako soluzioak, estaldura funtzionalak eta materialaren ekarpen lokalizatuko teknologiak ikertzen ditugu, zerbitzu-baldintza zorrotzetan lan egiten duten osagaien portaera hobetzeko. Gaitasun horien konbinazioari esker, industria-prozesuak optimiza ditzakegu, materialen portaera hobeto ulertu eta eskakizun teknologiko handiko sektoreetan aplikatzeko moduko ezagutza sortu.

Fernando Santos

Fernando Santos

Material eta Prozesu Bereziak

Elektrifikazioa, material kritikoen zirkulartasuna eta baliabideen kontsumoaren murrizketa Europatik lehentasunezkotzat jota industria-sektorera bideratzen ari dira. Estrategia horrekin lotuta, behar berriak sortzen ari dira materialen, fabrikazio-teknologien eta prozesuen kontrolaren esparruetan. Erronka horiei erantzuteko, ez da nahikoa egungo soluzioak optimizatzea; beharrezkoa da, halaber, etorkizuneko beharrei aurrea hartzea eta oraindik ezezagunak diren edo garapenaren hasierako faseetan dauden materialak, prozesuak eta konbinazioak aztertzea, kontzeptuaren balidaziorako saiakuntza esperimental ausartak eginez. Saiakuntza horiek, askotan, adimen artifizialaren planteamendu aurreikusgarrietatik harago doaz, eta oraindik gizakiaren berezko sormen-gaitasunean dute jatorria.


Industria etorriko diren erronketarako prestatze aldera, gure jarduera industria-aplikaziorako potentzial handia duten hainbat esparrutan oinarritzen da: material funtzional eta errendimendu handiko berriak, arintze-soluzioak eta material anitzeko egiturak, eta lehengaien eta baliabideen aprobetxamendua hobetzeko prozesu berriak. Besteak beste, elektrifikazioarekin lotutako aplikazioetarako material magnetiko bigunetan, erresistentzia espezifiko handiagoko altzairu aurreratuetan, sektore aeroespazialean, garraioan, eraikuntzan eta energia-iturri alternatiboen biltegiratzean aplikagarriak diren propietate mekanikoak, isolamendu termikoa eta propietate islatzaileak uztartzen dituzten material estruktural hibridoetan, eta baterien sektorea bezalako balio erantsi handiko aplikazioetarako metalen fintze eta berreskurapen prozesu aurreratuetan lan egiten dugu. Ikuspegi desberdinak dira, baina industria- eta gizarte-mailan lotutako helburuei erantzuten diete, eta erreferentzia gisa hartzen dituzte NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Mundu Itunaren hamar printzipioak.


Modu zehatzagoan, materialen, fabrikazio-prozesuen eta karakterizazio-, balidazio-, simulazio- eta kontrol-tresnen ezagutza integratzen dugu, ekoizpen-baldintzek materialaren propietateak eta azken portaera nola baldintzatzen dituzten ulertzeko. Prozesuak kontrolatu eta optimizatzeko metodologia eta teknologia berriak garatzen ditugu, baita fabrikazio-parametroak lortutako mikroegiturarekin eta prestazioekin erlazionatzeko aukera ematen duten tresnak ere. Helburua sortutako ezagutza industriara transferi daitezkeen soluzio eta gaitasun bihurtzea da, aplikaziotik hurbil dauden ikerketa-ildoak eta etorkizunerako aukera berriak irekitzen dituzten jarduera esploratzaileagoak uztartuz.

Lucía Unamunzaga

Lucía Unamunzaga

Jasangarritasuna eta Ingurumena

Industria-prozesu jasangarriagoetarantz aurrera egiteak ez du soilik ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen; industria-operazioen eraginkortasuna, segurtasuna eta erresilientzia hobetzeko aukera ere eskaintzen dute. Testuinguru honetan, jasangarritasunaren adierazle nagusiak estuki lotuta daude fabrikazio-adierazleekin, energia- eta lehengai-kontsumoa, emisioak edo hondakinen sorrera bezalako parametroek ekoizpen-prozesuaren errendimenduaren alderdiak islatzen baitituzte, eta horrek eraginkortasuna hobetu eta lehiakortasuna handitzeko aukerak identifikatzea ahalbidetzen du.


Gure ikerketa ingurumenean eta osasunean eragiten diren inpaktuak murrizteko ahalmen handia duten hiru esparru nagusitan oinarritzen da: 1) lehengai kritikoekiko (CRM) eta funtsezko lehengaiekiko mendekotasuna murriztea, 2) materialen zirkulartasuna areagotzea, eta 3) energia-kontsumoa eta erregai fosilen erabilera murriztea.


Industria-prozesuak berriz diseinatzeko eta aldi berean haien errendimendu produktiboa eta ingurumenekoa hobetzeko aukera emango duen ezagutza sortzera bideratzen gara. Emisio kutsakor eta arriskutsuen arloan, haien jatorria eta portaera aztertzen ditugu prozesuan esku hartzeko aukerak identifikatu eta irtenbide garbiago eta seguruagoak garatzeko. Energia-eraginkortasunaren eta zirkulartasunaren esparruan, kontrol- eta aurreikuspen-sistema aurreratuekin lan egiten dugu energia-kontsumoa optimizatzeko eta hondar-beroa aprobetxatzeko. Era berean, hondakinak eta azpiproduktuak birsortzeko eta berrerabiltzeko bideak garatzen ditugu, baita bigarren mailako lehengaiak modu seguruan txertatzeko estrategiak ere.

Javier Nieves

Dr. Javier Nieves

Fabrikazio Teknologia Adimendunak

Hainbat urtez, industria digitalizatzea datu gehiago bildu, aldagai gehiago neurtu eta informazio gehiago eskuratzea izan da. Orain, ziurrenik, etaparik interesgarrienari hasiera eman zaio: informazio hori benetan ulertzeko gaitasuna lortzea. Prozesuetatik datozen datuez gain, dokumentuak, irudiak, adituen ezagutza, aurreko esperientziak eta testuingurua ere eskuragarri ditugu. Aukera informazio hori guztia uztartzean datza, gertatzen ari dena hobeto ulertzeko, etorkizuneko egoerak aurreikusteko eta erabakiak ezagutza handiagoz eta ziurgabetasun txikiagoz hartzeko.

 

Horretara bideratzen dugu gure ahaleginen zati handi bat. Informazioa ezagutza erabilgarri bihurtzeko moduak lantzen ditugu, hainbat teknologia digital konbinatuz: machine learning-a, adimen artifizial sortzaile eta multimodaleko ereduak, modelizazioa, simulazioa eta biki digitalak, baita konputazio kuantikoa bezalako konputazio-paradigma berriak ere. Helburua ez da teknologia bera, baizik eta prozesuak hobeto ulertzeko, eszenatokiak ebaluatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko tresna hobeak izatea.

 

Bada aldatzen ez den zerbait: horrek guztiak pertsonen zerbitzura egon behar du. Teknologia horiek industria-prozesuak diseinatzen, operatzen eta hobetzen dituzten pertsonen ezagutza eta gaitasunak indartzea nahi dugu, eta hori da gure ikerketaren helburua. Materialen eta industriaren inguruan hamarkadetan zehar sortutako ezagutzaren ondoren, gure erronka ezagutza hori gaitasun digital berriekin lotzea da, industria hobeto ulertzen, hobeto erabakitzen eta hobeto eraldatzen laguntzeko.

Nola lagun diezazukegu?

Mantendu AZTERLANeko berrien adi

Jarri kontaktuan Andoni-rekin

Contacta con Ramón

Jarri kontaktuan Xabierrekin

Jarri kontaktuan Maider Muro-rekin.

Jarri kontaktuan Dr. Urko de la Torre-rekin.

Contacta con Dra. Anna Regordosa

Jarri kontaktuan Aitor Loizaga-ekin.

Jarri kontaktuan Dr. Rodolfo González-Martínez-ekin.

Jarri kontaktuan Anderrekin.

Jarri kontaktuan David Aristondo-rekin.

Jarri kontaktuan Juan J. Bravo-rekin.

Jarri kontaktuan David Garcia-rekin.

Jarri kontaktuan Jose Ramon-rekin.

Jarri kontaktuan Oihana-rekin.

Manten zaitez AZTERLANeko informazioez eguneratuta

Jarri kontaktuan David-ekin.

Jarri kontaktuan Ibonekin.

Jarri kontaktuan Hegoirekin.

Jarri kontaktuan Itziarrekin.

Jarri kontaktuan Erikarekin.

Jarri kontaktuan Beñatekin.

Jarri kontaktuan John-ekin

Jarri kontaktuan José Javier-ekin.

Jarri kontaktuan Andrearekin.

Jarri kontaktuan Janirerekin.

Jarri kontaktuan Clararekin.

Jarri kontaktuan Nagorerekin

Jarri kontaktuan Gorkarekin.

Jarri kontaktuan Emilirekin.

Jarri kontaktuan Jonekin.

Metalurgiaren eta metalen eraldatze prozesuen alor desberdinetan lantaldeak sortzen ditugu

Ezagutza alora
Emaiguzu informazio gehiago zure lantaldearen ezagutza beharrei buruz zure helburuetara egokitutako proposamen bat egin ahal izateko.
KONTAKTURAKO DATUAK

Emaizkiguzu zure lanaren datuak eta zurekin kontaktuan jarriko gara ahalik eta bizkorren.

Zein da zure erronka?

Partekatu zure erronka gure lantaldearekin. Hitz egiteak irtenbide posibleetara hurbildu baino ezin gaitzake egin.