Metalurgia Ikerketa Zentroa

  • 1 de junio de 2022

CAESAR proiektu europarrak kalitate eskaseko kontsumo osteko txatarra berreskuratzeko industria-teknologia berriak baliozkotuko ditu altzairugintzan erabiltzeko

CAESAR proiektuaren nazioarteko partzuergoaren baitan dago AZTERLAN Metalurgia Ikerketa Zentroa. Proiektuak gaur egun zabortegira botazen diren eta/edo Europatik kanpora esportatzen den kalitate gutxiko txatarraren kalitatea hobetzea du helburu. Horretarako, industria-hondakin horretatik ezpurutasunak bereizteko eta ezabatzeko prozesuak aztertu eta optimizatuko dira, bai teknologia berriak garatuz, bai gaur egun burdinazko txatarrak birziklatzeko aplikatzen ez diren beste batzuk eguneratuz. Proiektuaren helburua da altzairuaren sektorerako lehengaien iturri berriak aurkitzea, kalitate oso handiko txatarrak eta altzairua fabrikatzeko prozesuan erabilitako arrabioa ordezkatuta.

Gaur egun, altzairua fabrikatzeko prozesutik sortutako 22 Mt inguru burdinazko txatarra esportatzen dira urtero Europar Batasunetik beste herrialde batzuetara, 100 Mt inguru burdinazko mineral gordin inportatzen diren bitartean.    

Hala ere, altzairugintza-industriak jasangarritasuna hobetzeko duen konpromiso gero eta handiagoaren ildotik, gaur egun garbiketa- eta sailkapen- prozesu egokien definizioaren bidez baztertutako txatarraren balorizazioak hobekuntza aukera handiak eskaintzen ditu baita karbono-aztarna murrizteko ere.   

Lucía Unamunzaga AZTERLANeko ikertzaileak, BRTAko kide den Zentroko Ingurumen eta Iraunkortasun ikerketa-lerroko koordinatzailea, adierazi bezala, “galdera hau egiten genien geure buruei: zergatik ez da egun baztertua edo hirugarrenei saldua den material hori guztia berrerabiltzen lehengaiez hornitzeko kanpo-merkatuekiko dugun mendekotasun handia saihesteko?” Teknologia oso aurreratuak eta heldutasun-maila handikoak existitzen dira, eta horien konbinazio eta erabilera egokiak aukera handiak eskaintzen ditu tokiko txatarra berreskuratzeko eta lehengaien inportazioa murrizteko. Horrez gain, bestelako onura garrantzitsu batzuk ere aurkezten ditu, bai jasangarritasunari dagokionez bai lehiakortasunari dagokionez.

Altzairugintza sektoreak txatarra berrerabiltzea ohikoa du prozesuaren iraunkortasuna hobetzeko eta aurrezteko. Kasu honetan, txatarratik altzairua lortzeko ekoizpen-prozesua arku elektrikoko labeetan galdatzean oinarritzen da. Energiaren eta ingurumenaren ikuspegitik, prozesu hau efizienteagoa da burdina-mineralean oinarritutako fabrikazio-prozesua baino; txatarratik eratorritako altzairugintzak ia %75 murrizten du energia-kontsumoa,  %90 lehengaien kontsumoa eta %40 uraren kontsumoa.

Edozein kasutan ere, “kontuan izan behar da altzairuzko txatarren artean bi mota bereiz daitezkeela: kontsumo aurreko txatarrak, hau da, altzairua fabrikatzeko prozesuan sortzen direnak eta prozesu berean zuzenean erabil daitezkeenak (altzairu-txatarren %45 dira), eta kontsumitu osteko txatarrak, hots, beste prozesu industrial batzuetan sortzen direnak eta ezpurutasun mota desberdinak dituztenak (material geldoak, bestelako metalak, plastikoak). Azken hauek txatarren %55 dira”. Gaur egungo joera da kontsumo aurreko txatarren kopurua murriztea, bai fabrikazio-prozesuak eraginkorragoak direlako zein bigarren motako txatarren kopurua handitzen ari delako. Zoritxarrez, azken hauek ez daukate berez kalitate nahikoa Europako enpresek eskatzen duten kalitate handiko altzairuaren ekoizpena ziurtatzeko.

Txatarren birziklatze-gaitasuna hobetzeko, batez ere, gaur egun baztertuak dauden kontsumo osteko txatarrena, CAESAR proiektua sortu da. Proiektua nazioarteko eta diziplina anitzeko partzuergo batek osatzen du, non ikerketa-zentroak, teknologiak garatzen dituzten enpresak, metalak birziklatzen dituzten enpresak eta altzairugileak aurkitzen diren. Proiektuaren ardatza da garbiketa-teknologiak garatzea eta baliozkotzea, kontsumo ondoko altzairuan ezpurutasunak murrizteko, beti ere, kalitatezko altzairua fabrikatzea ahalbidetzeko.

Helburu hau lortzeko, CAESAR proiektuko kideek honako lan-ildo hauek jarriko dituzte abian:

  • Kalitate txikiko txatarra erabiltzeko eta berrerabiltzeko aukera berriak identifikatzea eta karakterizatzea
  • Kalitate baxuko txatarraren kalitatea, sailkapena eta karakterizazioa hobetzeko teknologiarik egokienak hautatzea eta integratzea
  • Txatarra sailkatzeko/garbitzeko erakusle bat baliozkotzea industria-mailan, dauden teknologia egokienen konbinazio berritzaile batean oinarrituta
  • Txatar-korronte desberdinetarako erakuslearen balorizazio-ibilbideak definitzea

Unamunzagaren hitzetan, “gaur egun Europak altzairuaren ekoizpenerako baztertzen dituen txatarren ezaugarrien mapa bat izatea funtsezko pausoa izango da proiektuari hasiera emateko; izan ere, horri esker, hondar-korronte nagusiak eta tokian-tokian berreskuratzeko bide egokienak identifikatu ahal izango ditugu". Era berean, lan-taldeak ebakitzeko, birrintzeko, sailkatzeko eta garbitzeko hainbat teknologia hautatu eta integratuko ditu, zatiki mineralak eta burdinazkoak ez direnak bereizten direla ziurtatzeko, baita materialaren eta azken produktuen kalitatean eragin negatiboa izan dezaketen trazadura-elementuak eta ezpurutasunak ezabatzeko ere.

Erabili eta integratuko diren teknologien artean, dagoeneko merkatuan eskuragarri dauden batzuk nabarmen daitezke, hala nola, ScrapTuning (Sicon), LaserSort (Sicon), Aspratel (Azterlan), LiDar (ArcelorMittal) edo LIBS (ArcelorMittal) teknologiak, baita hainbat erakusle eta birrintze-teknologia, sailkapen-teknologia, ikusmen-teknologia eta kamera hiperespektrala ere. Hauek guztiak partzuergoko erakundeek garatutakoak dira eta industria mailan erabiltzeko zein metalaren ezaugarri espezifikoentzako egokituko eta optimizatuko dira.

Instalaciones recupreación acero

Facilities of the ASPRATEL company, dedicated to the recovery of metals

Azkenik, altzairua berreskuratzeko prozesuen ondorioz lortzen diren azpihondakinak ere balorizatuko dituzte proiektuko kideek: “horrek, besteak beste, aluminioa edo kobrea bezalako elementuak berreskuratzea ekar dezake”. Hala ere, pasabide hori txatarrak hasieran dituen burdinazkoak ez diren elementu moten araberakoa izango da, baita garbiketa-prozesu desberdinen ondoren horiek berreskuratzeko gaitasunaren araberakoa ere.

CAESAR proiektutik espero den emaitza da balorizazio-bideak sortzea kontsumo osteko txatar nagusientzako eta burdinarik gabeko frakzio bereizi guztietarako, eta txatarraren burdina-zatikiari dagokionez berreskuratze maila %98tik gorakoa izatea espero da.

CAESAR proiektuaren partzuergoa honako hauek osatzen dute: Centre de Recherches Métallurgiques, ArcelorMittal Basque Country Research Centre, ArcelorMittal Maizières Research, Rolanfer Recyclage, Reydesa Recycling, INATEC -Fundación Innovación Ambiental y Tecnológica, SICON GmbH, ArcelorMittal Belgium, AZTERLAN, Katholieke Universiteit Leuven, ArcelorMittal Sestao eta ArcelorMittal France. Proiektua Europar Batasuneko Horizon 2021 programak finantzatutakoa da HORIZON-CL4-2021-TWIN-TRANSITION-01-19 programaren baitan..