Metalurgia Ikerketa Zentroa

  • 16 de enero de 2023

AZTERLANek eta DEUSTUKO UNIBERTSITATEAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeen arteko lankidetza zientifikoa eta teknologikoa bultzatzeko

Hitzarmenak, besteak beste, “AZTERLAN-DEUSTO Ikasgela Teknologikoa” sortzea aurreikusten du, sektore metal-mekanikorako 4.0 industria-teknologien garapenean esperientzia praktikoaren bidez talentu berria sortuko duena.

Esparru zientifiko eta teknologikoetan eta, bereziki, ingeniaritza informatikoan, konputazio-zientzietan eta adimen artifizialean interes komuneko jarduera-eremuak izanik, akordio honek aukera ematen du bi erakundeen arteko lankidetza eta harremanak estutzen jarraitzeko, eraldaketa metalikoko industrietarako talentu espezializatua garatzeko helburu nagusiarekin.

AZTERLAN Zentro Teknologikoko zuzendari nagusi Garikoitz Artola doktorearen hitzetan, “AZTERLANek eta DEUSTUko Unibertsitateak lankidetza-historia luzea dugu, elkarrekin emaitza arrakastatsuak lortu ditugularik. Badakigu zeintzuk diren elkarrekin ditugun sinergiak eta zein den elkarri eman diezaiokegun balioa. AZTERLANentzat, hitzarmen hau sinatzea aukera garrantzitsu bat da, zalantzarik gabe, I+G+Bko eta industria-transferentziako gure jarduera indartzeko”.

Hitzarmenak jasotzen duen funtsezko puntuetako bat “AZTERLAN-DEUSTO Ikasgela Teknologikoa” sortzea da. Ikasgela honen helburua da talentu berria prestatzeko gunea izatea, eta, aldi berean, arlo zientifiko-teknologikoan eta akademikoan sortutako ezagutza berria industria- eta merkatu-erronketara eramatea. Programa horren barruan, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasle talde batek AZTERLANeko Fabrikazio Teknologia Adimendunen taldearekin lankidetzan jardungo du metalaren industriara bideratutako teknologia berriak eta irtenbideak garatzeko.

“Transformazio metal-mekanikoko industriak, galdaketa, forja eta estanpazioa bezalako sektoreak barne hartzen dituenak, profil profesional berriak eta ezagutza berria behar ditu digitalizazioarekin lotutako erronka nagusietako batzuei heltzeko. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloa funtsezkoa da berrikuntzak egiteko eta konponbide berriak garatzeko, fabrikazio-prozesu eraginkorragoak eta sendoagoak sortzeko, baita industria indartsu eta lehiakorra garatzeko ere”.

Era berean, Asier Perallos DEUSTOko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak adierazten duen bezala, “AZTERLAN-DEUSTO Ikasgela Teknologikoa oso tresna baliotsua da guretzat gure ikasleen prestakuntza osatzeko. Hemen garatuko duten esperientzia horri esker, euren graduko eta/edo masterreko ikasketak aberastuko dira esperientzia errealen eta merkatura zuzendutako produktuen garapenaren bidez; kasu honetan, metalaren industriara zuzendutako produktuak”.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenak, behin behinekoz, 3 urteko iraupena du, eta, AZTERLAN-DEUSTO Ikasgela Teknologikoa sortzeaz gain, beste lankidetza-eremu batzuk ere jasotzen ditu, hala nola irakasleen prestakuntza eta hezkuntza-edukien hornidura, edo enpresetako praktiken eta prestakuntza dualaren hitzarmenak abiaraztea, besteak beste.

Aula Tecnologica AZTERLAN Deusto

Asier Perallos, Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, eta Garikoitz Artola, AZTERLANko zuzendari nagusia, lankidetza-hitzarmena sinatzen.

Aula Tecnologica AZTERLAN Deusto

Ezkerretik eskuinera, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Pablo García, Kanpo Harremanetarako dekanordea, eta Asier Perallos, dekanoa; eta AZTERLANeko Galdaketa Teknologien zuzendari Susana Méndez doktorea eta zuzendari nagusi Garikoitz Artola doktorea.