Metalurgia Ikerketa Zentroa

  • 3 de junio de 2022

Azterlanek CHS2 2022 kongresuan parte hartu du, material arinen beroko estanpazioari buruzko bi ikerketa-lan aurkeztuta

CHS2 (International Conference on Hot Sheet Metal Forming of High-Performance Steel) konferentziaren 8. edizioa Bartzelonan egin da maiatzaren 30etik ekainaren 2ra. Bertan, Konformatze Teknologien ikerketa-taldeak aluminio-litiozko aleazioen konformatzearekin eta osagai aeronautikoak fabrikatzeko eta beroan osatutako 6xxx serieko aluminiozko aleazioetan bero-transmisio koefizientea lortzeko.

Maider Muro doktoreak, AZTERLANeko ikertzailea, "Formability study of 2198 aluminium alloy for hot stamping" lana aurkeztu du non hegazkingintzan oso erabilia den 2198-T8 Al-Li aleazio arina beroko estanpazioaren bitartez konformatzea baliozkotzeko egindako ikerketa lanaren berri eman duen. «Beroko estanpazioa automobilgintzaren sektoreak altzairuzko piezak konformatzeko asko erabiltzen duen transformazio-teknologia da. Hala ere, teknologia hori sektore aeronautikora transferitu nahi dugunean (ekoizpen-kadentzia askoz ere txikiagoak dituena) eta, are gehiago, portaera ezezaguneko materialak erabili nahi ditugunean, beharrezkoa da aldez aurretik bideragarritasun-azterketak egitea eta fabrikazio-baldintza egokiak definitzea, bai metalurgiaren ikuspegitik, bai prozesuaren ikuspegitik.

Muro doktoreak aurkeztutako lana BATZ S. Coop. enpresarekin batera gauzatutako Rib-ON proiektuaren baitan burutu da (ikus bideoa) FLD (Konformazio Mugaren Diagramak) erabiliz bi tenperatura desberdinetan: 450ºC-tan, “material fabrikatzaileak gomendatutako tenperatura”, eta 200ºC-tan, “ezaugarri hauetako aluminiozko xaflak (1,8mm) konformatzeko gutxieneko tenperatura”.

Maider Muro Congres CH2

Maider Muro doktoreak Batz S. Coop. kooperatibarekin batera garatutako «Formability study of 2198 aluminium alloy for hot stamping» lana aurkezten du.

Bestalde, AZTERLANek Mondragon Unibertsitatearekin (MU) elkarlanean garatutako "On the effect of testing setups on aluminum alloys Interfacial Heat Transfer Coefficient Measurement" lana ere aurkeztu du, beroko-estanpaziorako aluminioaren bero-transmisioaren koefizientea (IHTC) zehaztea helburu izan duena. «IHTC kontzeptua beroko estanpazioaren hozte-abiadurarekin estuki lotuta dago, eta trokelen gainazalak, estanpatu beharreko xaflaren geometriak, bi elementuen arteko ukipen-presioak eta horien arteko tenperatura-diferentziek baldintzatzen dute».

Aurkeztutako ikerketa-lana bi laborategi independentetan (horietako bat AZTERLANen laborategiak) paraleloan egindako azterketetan oinarritu da, horretarako 6111 aluminio-aleazio bat, QRO90 erreminta-altzairu bat eta hiru lan-presio desberdin (1 MPa, 5 MPa eta 10 Mpa) erabili dira. «Horrelako lan esperimentalak beharrezkoak dira materialen portaera-ereduak garatzeko, informazio hau funtsezkoa da osagai berriak eta fabrikazio-bide berriak diseinatzeko». Aurkeztutako ondorioen artean, lantaldeak azpimarratu du, besteak beste, “irisgarritasun zaileko espazioetan (hala nola materialen eta konformazio-tresnen arteko kontaktu-guneetan) ematen diren prozesuko datu kritikoak atzitzeko eta transmititzeko bideak hobetzea beharrezkoa” dela. Hain zuzen, helburu horretara bideratuta dago ikerketa taldea SUSIE proiektuaren baitan.

AZTERLANek kongresu honetan aurkeztutako lanak RIB-ON eta SUSIE proiektuen emaitzak dira. Rib-On proiektua Clean Sky 2 ekimen publiko-pribatuak finantzatutakoa da Europar Batasuneko Horizon 2020 programaren barruan, 755493 lizentzia-zenbakiarekin. SUSIE (Disruptive Surface Sensor Integration) proiektua Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa da Elkartek programaren bidez (KK-2020/00063).